Kanpaina hasi denetik 5.000 tona antxoa harrapatu dituzte euskal arrantzaleek

Karkara 2017ko mai. 5a, 17:23
Gaur Getarian bildu dira Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleen ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako arrantza arduradunak.

Antxoa kiloa bataz besteko 1,86 euroko prezioan saldu dute arrantzaleek, 2017an.

Gaur Getariako Antxua Eguna dela aprobetxatuz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek antxoaren kanpainaren datuak aurkeztu ditu jendaurrean. Agerraldian parte hartu dute besteak beste, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleen kofradietako ordezkariek, eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendari Leandro Azkue oriotarrak.

Sailburuak adierazi duenez, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek 5.000 tona antxoa harrapatu dituzte kostera hasi zenetik, eta kiloa bataz besteko 1,86 euroko prezioan saldu dute. Kanpaina oso ondo hasi da; egia da, iaz garai honetan 8.000 tona harrapatu zirela, baina prezioa txikiagoa izan zen; 1,72 euro kiloko, hain zuzen ere. 2016an apirila oso hilabete ona izan zen antxoa harrapatzeko, baina aurten kosteraren harrapaketa nagusia maiatzean egitea espero dute Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradietako arduradunek. Apirilean eguraldiagatik arrantza egun asko galdu ditugu, eta tartean Aste Santuko oporraldia ere izan da. Horregatik, kanpaina amaiera arrakastatsua izatea espero dugu - azaldu dute agerraldian.

Euskal arrantzaleak hainbat urte egon ziren antxoa harrapatu ezinik, eta Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko lehendakari Eugenio Elduainek aitortu du “merezi” izan zuela debekualdiak. Orain itsasoa antxoaz josirik dago. Gainera, arrantzaleak zoriondu behar dira ingurumenarekin oso begirunetsuak direlako. Zintzo gabiltza arrantzan, eta etorkizuna gure esku dago - adierazi du.

Berdela
Bestalde, 2017ko berdelaren kanpainaren datuak ere eman ditu Orozek.”12.8000 tona berdel harrapatu da, eta bataz besteko prezioa kiloko 0,93 eurokoa izan da. Iazko harrapaketarekin alderatuz datu ona da, 2016an 10.4000 tona harrapatu baitziren, eta kiloa bataz beste 0,75 euroan saldu zen”.

Arrantza eragileek, arrantza sektoreak duen balioa nabarmendu dute gaur Getarian, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariaren iritziz "ezinbestekoa" da kontsumitzaileak bertako produktuak erostearen garrantziaz jabetzea. Euskadi ez litzateke dena izango arrantzarik gabe. Horregatik, arrantza sektoreak etorkizuna izan dezan ezinbestekoa da bertako produktuak kontsumitzeko ahalegina egitea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!