Ruben Iglesias: "Espero dugu datorren galdeketak errealitatea aldatzeko balio izatea".

Karkara 2017ko mai. 8a, 15:47
Ruben Iglesias, Orioko herri galdeketako kontrol batzordeko kidea.

Ruben Iglesias oriotarra herri galdeketako kontrol batzordeko kidea da, eta galdeketa osoa protokoloaren arabera egin zela bermatu zuen atzo. Kontrol batzordeak galdeketaren neutraltasuna eta gardentasuna zaindu du.

RUBEN IGLESIAS - Orioko herri galdeketako kontrol batzordeko kidea

Kontrol batzordeak galdeketan zehar gardentasuna eta neutraltasuna zaintzea du helburu, eta horretan aritu zen atzo Ruben Iglesias oriotarra.

Zer moduz joan zen atzoko eguna?

Ez zen arazo berezirik izan herri galdeketan zehar. Oriotarrek boza emateko gogo eta ilusio handia erakutsi zuten, eta etxetik atera ezin zuen oriotar batek botoa eman zezan, haren etxeren bertaratu genuen hautetsontzia. Oro har, jendea oso gustura ibili da.

Atzo Orion egin zena urrats garrantzitsua izan al da?

Bai. Uste dut pausu garrantzitsua dela herritarrei erabakitzeko eskubidea eta beren iritzia emateko aukera eman diegulako. Galdeketa oraindik ezin izan dugu modu legalean egin, baina espero dugu datorren galdeketa legezkoa izatea eta errealitatea aldatzeko balio izatea.

Bide berri bat hasi al da?

Iruditzen zaigu sentsibilitate desberdinak gerturatu eta elkartu dituela herri galdeketa. Orain arte nahiko banatua egon da euskal gizartea, herritarrak beren alderdi politikoaren itzalpean egon dira. Hala ere, ekimen honek erakutsi digu euskaldunok bat gatozela hainbat ideietan, erabakitzeko nahian esaterako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!