Kritika: Amorante Orioko kultur etxean

IƱigo Gaiton 2017ko mai. 8a, 19:42

"... iraganeko musikari sustraietatik heldu, bere iragazkitik pasa eta zerura igotzen ditu kantak Amorantek, abestiak nahieran hazi, mugitu eta interpreta daitezkeen txoko propioren batera..."

Amorante bonba musikal bat da. Beste ezer esan aurretik azpimarratu behar da hori.

Abestien arteko hizketaldietan eta kantu batzuekin despistera jokatzen du entzuleekin,  eta tarteka, den musikari puska ezkutatzeko saiakera bihurrian dabilenaren inpresioa ere eman dezake. Bere kontzertu baten ostean, litekeena da ikuslea elgoibartarraren musika eta performancearen formarekin geratzea: xelebre egiten du dantza, letrak Batikanoraino ere bidaltzen ditu barrabilak egostera, eta kitarra, fiskornioa edo harmonioarekin batera zintzarri bat ere erabiltzen du musika egiteko. Ordea, bere abestien lehengaia, mamia, serioa da, kalitate gorenekoa.

Aspaldian zuzenekorik jo gabe zegoela abisatu zuen kontzertu hasieran, eta egia esan, ez zen herdoil soinu nabarmenik antzeman; ez behintzat aurretik grabatutako ahots eta soinuen erreprodukzio koordenatu, neurtu eta ederrean. Ahots ezberdinekin harmonia zoragarriak eskaini zizkigun aretoan ginen 45 lagun ingururi. Gazte Txartela aspaldi galdutakoak gehienak. 

Amoranteren piezek kutsu tradizional handia dute. Sortzen dituen abestiak orijinalak dira, oso bereak, baina entzuleari ezagun egingo zaio bere konposizio askoren lurrina. Iraganeko musikari sustraietatik heldu, bere iragazkitik pasa eta zerura igotzen ditu kantak Amorantek, abestiak nahieran hazi, mugitu eta interpreta daitezkeen txoko propioren batera.

Handik kantatu zigun Ibanek, goitik, eszenatokiak metro eskaseko altura izan arren, herriko ostiralen arrunkeria kolpetik ebakitzeko misioarekin etorritako estralurtarra bailitzan. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!