Aspertzearen onurak

Erredakzioa 2023ko urt. 28a, 14:30

Urtarrileko KARKARA aldizkarian, Aritz Pardinak aspertzearen abantailen inguruko iritzia argitaratu du. Orain sarean da irakurgai.

Irakasle jendeari entzun ohi diogu urtea irailean hasten dela. Gezurra. Izan ere, askok kontrakoa badio ere, urte hasiera urtarrilarekin lotzen dugu. Hain zuzen ere, Gabonetako egunei belarriak ikusten dizkiegunean, Urtezahar eta Urteberri egunetako prestaketekin batera, esaten dugu urteak berea egin duela. Egun gutxitara nabaritzen dugu denbora zerotik hasten denaren sentsazioa, urte deritzogun zikloaren itxiera.

Irudipen horren eskutik, bestalde, pizten zaizkigu asmo eta nahiak ere. Egun horietan proiektu berriak irudikatzen ditugu, egitasmoak eta bete-nahi ugari. Esango nuke, helburu zerrenda askotan aurkituko genituzkeela gimnasio eta spinning klaseak, hizkuntza berriak, xede pertsonalak eta beste hainbat kontu. Dena dela, azpimarratu nahi dudana da, zerrendatze horietan denbora beteko diguten ekintzak bildu ohi ditugula, eguneroko bizitzaren aringarriak edo, hitz gutxitan, entretenituko gaituzten gauzak.

Zeren, lagunok, ze gaizki daramagun aspertzearen kontu hori. Zalantzarik gabe, gaixotasuntzat dugu, neguan lepoa babesten dugun arreta berberaz jarduten baikara asperraldien aurkako erremedioen bila. Horren adibide garbiena, agian, eskolaz kanpoko ekintzez lepo bizi diren ume eta gaztetxoak ditugu. Azkenaldian, gainera, helduen artean ere ostatu hartu du bizitza egitekoz betetzeko joerak. Ordea, zinez, ez da gogaitzearen aurkako neurri eraginkorrik, zeren eta, egunak pasatzen diren heinean, berria den guztiak errutinaren kolore grisa hartzen du. Hala, egiten dugun orok, azkenean, errepikapenaren ondorioz, aspertzen gaitu.

Horregatik, aspertzearen aldarria egingo dut tarte honetan, anitzak baitira dakartzan onurak. Izan ere, gogaituta egoteak ekintzara bultzatzen gaitu eta, sarritan, asperraldian izaten ditugu ideiarik onenak. Zergatik? Ez, behintzat, egoera horretan gaudela inspirazioa zerutik etortzen zaigulako. Aitzitik, aspertzeak burua martxan jartzen digulako, hots, nahi gabe ere, egokiera horretatik irteteko estrategia anitzak pentsatzen ditugulako. Esaterako, Antzinako Greziako lehen filosofoak dirudunak ziren, aisialdi handiko pertsonak, eta pentsamendua izan zen haien denborapasa. Milurtekoetan atzera eginda, fenomeno berdinaren adibide ditugu kobazuloetan aurkitu diren pinturen eta lanabesen egileak, helburu praktikoak betetzeaz gain, itxura zaindua baitute. Horrek erakusten du izaki haiek guk uste baino gehiago aspertzen zirela, eta asperdura ekiditeko moduak aurkitu zituztela. 

Jarrai nezake zerrenda egiten, baina uste dut ez dela beharrezkoa. Azpimarratu nahi dudana da badugula asperraldiei zer eskertua. Azken batean, benetan ondo sentiarazten gaituzten gauzak gogaituta gaudenean estalgabetzen ditugu. Era berean, egoera hori aproposa da sormenerako eta hausnarketarako eta, orobat, gaur egungo bizimodu itogarritik ihes egiteko. Hala, abantaila horien guzien baitan osatu dut nire aurtengo egitekoen zerrenda: lehengo urtean baino gehixeago aspertzen saiatuko naiz.