San Pedro jaiak

Orioko jubilatuak murgildu dira dagoeneko sanpedroetako giroan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko eka. 28a, 13:19

Herriko erretiratuak izan dira sanpedroak ospatzen goiztiarrenak, San Pedro jaietako hamaiketako berezia egin baitute Zaharren Babeslekuan.

Ofizialki Orioko San Pedro jaiak gaur 20:00etan hasiko badira ere, eguerdian plaza inguruan giro berezia antzeman zitekeen. Tabernak jaietarako hozkailu eta biltegiak betetzen ari ziren; gazteak txosna prestatzen, eta herriko erretiratuak Zaharren Babeslekuak jaietan antolatu ohi duten hamaiketako berezia dastatzen. 10:30ean hasi dira hamaiketakoa banatzen, eta giro ederra izan dela nabarmendu du elkarteko presidente Txomin Iribarrek. "Ederki ateratzen ari da hamaiketakoa. Gustura gaude", azaldu du.

Gaur arratsaldean, LGTBIQ+ kolektiboak botako duen txupinazoaren aurretik, Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira eta Burrunba Elektrotxarangaren saioa izango dira, 18:30ean hasita.