Pepa Bojo: "Nik uste dut hizkuntzak altxorrak direla"

Nadhet Arruti 2024ko ots. 17a, 11:18

Karkara aldizkariko otsaileko aleko Euskara atalean, Pepa Bojo psikologoa elkarrizketatu du Nadhet Arrutik. Orain, sarean dago irakurgai.

Pepa Bojo Ballester Valentzian jaio zen orain dela 61 urte. Psikologoa da, kontsulta dauka eta indarkeria matxistaz eta ahalduntze prozesuei buruz aditua da.

Zenbat urte daramatzazu Euskal Herrian?

Euskal Herrian 25 urte daramatzat; Donostian bizi izandakoa naiz, gero Zarautzen urte askoan bizi izan nintzen, eta orain dela bi urte pasatatik Orion bizi naiz.

Zerk bultzatu zintuen euskara ikastera?

Niretzat oso garrantzitsua da bizi zaren herriaren hizkuntza ikastea, zerbait naturala iruditzen zait eta baita bizi garen inguruneari begirunea erakusteko modu bat ere. Hizkuntza herriaren arima da, eta ezagutzea bere kulturara, sustraietara, historiara…. hurbiltzea da. Gainera, nire ama hizkuntza ere, katalana, hizkuntza minorizatu bat denez, ondo ezagutzen ditut horren erabilera eta mantentzeko zailtasunak.

Nik uste dut hizkuntzak altxorrak direla eta ez direla galdu behar. Beraz, interes pertsonala dut euskara ezagutu eta ikasteko, baita hemengo bizilagunekin beren mintzaira propioan harremanak edukitzeko gaitasuna izateko ere bai. 

Lehengo urtean Saregile emakumeen etxean hitzaldi bat eman zenuen; hemendik gutxira, ikastaro bat emango duzu. Etorkizunean horiek euskaraz egitea posible izango dela uste duzu?

Emakumeen etxeetan lan egiten dut, Euskal Herri osoan, baina, bereziki, Gipuzkoan, eta aurten Orioko Saregilen egongo naiz, eta oso pozik nago. Zorte handia daukagu horrelako leku bat edukitzeaz, gurea, elkarrekin ikasi eta hausnartzeko.

Nire lana euskaraz egitea gustatuko litzaidake, baina dudan euskararen ezagutza maila dela eta, une honetan pixka bat zaila ikusten dut. Izan ere, lantzen ditudan gaiek zorroztasun eta zehaztasun oso handia eskatzen dute, eta kontu handiz aritu behar naiz azalpenak eta lana kudeatzean. Baina, bai, nahiko nuke nire tailerretan eta taldeetan parte hartzen duten emakumeak euskaraz mintzatu daitezen; hori da orain nire lehen helburua.

Zer aholku emango zenioke euskara ikasi nahi duen bati?

Bada, lehenbailehen has dadila, merezi du eta. Hizkuntza eder bat ikasten duzu, bizi zaren lekua hobeki ezagutzen duzu, ondo pasatzen duzu, eta zure herriko beste pertsonekin harremanetan sartzen zara.

Nik denbora gutxi dut ikasteko, eta askotan ezin izaten dut nire lana antolatu ikasgelara berrara joateko, baina gaur egun aukera zabala dago: autoikaskuntza, barnetegiak, Mintzalagun taldeak… Inportanteena da norberaren erritmo eta beharretara egokitzen den aukera bilatzea, eta ez desmotibatzea: jarrai eta segi ikasten.

Korrikan parte hartuko duzula uste duzu?

Oso gustura egingo nuke, baina nire lan ordutegiaren menpe nagoenez, ez dakit aukera izango dudan. Ekitaldi aldarrikatzailea da, jai giroan ospatzen dena; oso hunkigarria izaten da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!