Emakumeen Itzulia Oriotik igaroko da

Nerea Uranga 2024ko api. 24a, 15:28
Emakumeen Itzulia.

Maiatzaren 10etik 12ra jokatuko dute txirrindularitza proba, hiru etapatan banatuta, eta azkenengoan igaroko da Oriotik. 

Euskal Herrian jokatzen den emakume txirrindularien proba nagusiaren, Itzulia Women 2024 lasterketaren, hirugarren edizioaren ibilbidea aurkeztu zuten atzo Gasteizen. Maiatzaren 10etik 12ra jokatuko dute hiru etapatan; guztira, 358,9 kilometro eginez.

Emakumeen Itzuliaren ibilbideak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko ditu, Gasteizen hasiz eta Donostian bukatuz. Urola Kosta eskualdeko hainbat herritatik ere igaroko dira Itzuliko txirrindulariak; hau da, maiatzaren 10eko Gasteiz-Elgoibar etapan, Azkarateko mendatetik jaitsita Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa zeharkatuko dituzte txirrindulariek eta Arroatik Itziarko bidea hartuko dute. Hirugarren eta azken etapan, Donostia-Donostia, Oriotik igaroko dira.

  • Maiatzak 10, ostirala. Lehen etapa: Gasteiz-Elgoibar. 140 kilometro. Emakumeen Itzuliaren aurtengo edizioko etaparik luzeena eta desnibel metatu handiena izango duena da. Mendate puntuagarriak hiru izango dira, baina igoera eta jaitsiera ugari izango ditu. Azkarateko mendatetik jaitsiko dira txirrindulariak Azkoitira, eta segidan Azpeititik eta Zestoatik igaroko dira, eta Arroatik Itziarko bidea hartuko dute, etapa Elgoibarren bukatzeko.
  • Maiatzak 11, larunbata. Bigarren etapa: Basauri-Basauri.104 kilometro.
  • Maiatzak 12, igandea. Hirugarren etapa: Donostia-Donostia. 114,9 kilometro. Etapa erabakigarria izango da, eta ibilbidea Donostiako Klasikoaren antzekoa izango da; izan ere, Lezotik Jaizkibelera igoko da, eta, bukatzeko Murgiletik gora egingo du Mendizorrotzeraino. Oriotik igaroko da, eta handik Donostiara helmugara joango dira, azken kilometroak erlojupekoaren antzekoak izango dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!