Bihar hasiko da Gipuzkoako trainerilla liga

Juan Luis Romatet 2024ko api. 30a, 08:00

Zumaiako eta Zarauzko trainerillak, santelmoetan egindako estropadan. (Juan Luis Romatet)

Bost jardunaldiz osatuko da aurtengo trainerilla liga, eta bertan Zumaiako, Zarauzko, Orioko eta Getariako ontziek hartuko dute parte, besteak beste.

Bihar, asteazkenez, hasiko da Mutrikun aurtengo Gipuzkoako trainerilla liga. Bost jardunaldiz osatuko da denboraldia, eta maiatzaren 12ra bitartean jokatuko dira estropadak. Mutrikuko hitzorduaren ondoren, maiatzaren 4an Donostian, hilaren 5ean Getarian, maiatzaren 11n Orion (Hernanik antolatuta) eta 12an San Juanen izango dira saioak.

Kadete, jubenil eta maila absolutuan jokatuko da liga. Parte hartuko duten kluben artean, Urola Kosta bailarakoak daude. Hala, Zumaiako Telmo Deun arraun elkartea sei ontzirekin lehiatuko da: kadetetan, mutiletan eta neskatan bana, eta maila absolutuan bina emakumeetan eta gizonetan; Zarauzko Arraun Elkarteak hiru ontzi uretaratuko ditu: kadete neskatan bat eta gizonetan, absolutuan, bi; Orioko Arraunketa Elkartea bi ontzirekin arituko da, biak ere gizonetan maila absolutuan; amaitzeko, Getariako Arraun Elkarteak bi ontzi aurkeztuko ditu, gizonetan bian, kadete eta maila absolutuan bian.

Maila absolutuan bi ontzi aurkeztu dituztenen kasuan, A ontzia ligarako borrokan izango da eta B trainerilla Federazio sarian.