Gertu-gertu dira Errege Magoak eta Erregeen Karteruak

Onintza Lete Arrieta 2024ko urt. 4a, 10:43

Erregeen Karterua.

Bihar eguerdi partean jasoko dituzte umeen gutunak Aian nahiz Orion, eta arratsaldean iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar herritarrengana, aurrena Oriora eta gero, Aiara.

Ordu gutxi batzuk baino ez dira falta Errege Magoak gure herrietara iristeko, eta horrekin, Gabonak ere bere hondarrera ailegatzen ari dira. Izan ere, bihar 18:00etan Orion izango dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar beren laguntzaileekin, eta danborrada ere izango da, ohi bezala. Egunotan ari dira jo eta su entseatzen herriko neska-mutikoak. Zubitik kiroldegira egingo dute desfilea, udaletxean geldialdia eginda. Ibilbide zehatza hauxe izango da: Aita Lertxundi, Ibai Ondo, Herriko Plaza, Eusko Gudari, Arrantzale eta kiroldegia.

Aiara, berriz, 19:00etan iritsiko dira hiru Errege Magoak. Plazan da hitzordua.

Aurrez, eguerdi partean, Erregeen Karterua ibiliko da ilusioz betetako gutunak jasotzen. Aian, probalekuan da hitzordua, 12:00etan. Aurrena Ekain pailazoak ikuskizuna eskainiko du, eta ondoren jasoko ditu gutunak postari magikoenak.

Orion, berriz, kalerik kale ibiliko da karterua, 11:00etan hasita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!