'Ez nago bakarrik' ipuina aurkeztuko du datorren astean Maritxu Amenabarro aiarrak

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 1a, 13:42

Maritxu Amenabarro, 'Biba zuek' ETB1eko saioan.

Orioko Kultur Etxean egingo du aurkezpena, Zaragueta Herri Eskolak antolatuta. Harrera familia batean hazitakoa da Amenabarro, eta esperientzia horretatik abiatuta idatzi du ipuina.

Maritxu Amenabarro aiarrak Ez nago bakarrik ipuina aurkeztuko du datorren astean Orion. Zaragueta Herri Eskolak antolatu du saioa, eta maiatzaren 9an, ostegunarekin, 17:00etan izango da hitzordua, Kultur Etxean.

Amenabarro harrera familia batera iritsi zen 8 urte zituenean, eta esperientzia horretatik abiatuta idatzi du ipuina. Harrera familien gaia landu du emozioekin eta bizi esperientziekin aberastuta. 5 urtetik gorako umeentzako liburua da.

Izatez, gradu amaierako lana

6 eta 12 urte zituzten Maritxu eta Ainara Amenabarrok Gipuzkoako Foru Aldundiak gurasoengandik banandu zituenean. Tutoretzapeko etxe batera eraman zituzten, eta handik bi urtera, Aitor Iruretagoienak harreran hartu zituen, Aian. "Pozarren" gogoratzen du momentua Amenabarrok. Ordutik urte asko pasa dira, hamasei, hain zuzen. Hala ere, ez du alde batera utzi bere iragana, eta harrera familia batean bizitzeak sortu dizkion emozio-dantzei argia jarri die, Ez nago bakarrik ipuina idatzita. "Sorkuntza eta Diseinuko gradua ikasi dut, eta hasiera batean, Gradu Amaierako Lan gisa aurkeztu nuen liburua. Inoiz ez dut materialik topatu harrera familiaren inguruan, eta ume baten tokian jarri nintzen. Pentsatu nuen gustatuko litzaidakeela gaia lantzen duen liburu bat edukitzea, eta hala loratu da liburua", azaldu zion hedabide honi iazko abenduan.

Liburua sortzearen lana ez zela erraza izan ere azaldu zuen, "harrera familiaren gaia oso zabala delako" eta alderdi askotatik heldu daitekeelako. Gainera, "bereziki harrerako haurrei zuzendutako liburua" sortzea izan da Amenabarroren helburu nagusia, eta adin tarteagatik –5 urtetik gorakoentzat da–, argi zuen "liburu bisuala eta testu gutxikoa" izan behar zuela. 60 orrialde inguruko liburua da, eta batik bat familia biologikoarengana bisita egiteak sortu izan dizkion emozioak eta zirrarak ditu hizpide.

Kontakizunaz gain, bukaeran "emozioak lantzeko" eguneroko bat du liburuak. "Emozioen arabera, modu batera edo bestera koloreztatu daiteke, gainera".