Egonaldi artistikoa egingo du Wroclawn Maialen Sarasuak

Miriam 2014ko mai. 8a, 09:59
Donostia 2016 Fundazioak eta Etxepare Euskal Institutuak elkarlanean egindako proiektuan parte hartuko du, bi hirien arteko harreman artistikoak sortzeko

Sorkuntza arlo desberdinetako hiru artista aukeratu dituzte Etxepare Institutuak eta Donostia 2016 Fundazioak elkarlanean egiten ari diren proiektuan parte hartzeko, horien artean Maialen Sarasua. Ekimen horren baitan, Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistiko bat egiteko aukera izango du oriotarrak udan, berak aurkeztutako proiektua gauzatzeko.

Mugikortasuna, kulturen arteko elkarrizketa eta elkarlana sustatzea da bi kultura hiriburuak lotzen dituen proiektuaren xedea. Horretarako, pasa den abenduan diziplina desberdinetako sortzaileei beren egitasmoak aurkezteko deialdia egin zitzaien. Maiatzaren 6an aurkeztu zituzten hiru hautatuak: Matxalen de Pedro, Goiatz Labandibar eta Maialen Sarasua.

Wroclawko egonaldian bi hiriak lotzen dituen sorkuntza lanak egin beharko dituzte hiru artistek, bakoitzak bere arloan, edo hainbat arlo bateratuta.

Wroclaw-Donostia. Zubi bat

Hala du izena Maialen Sarasuaren egitasmoak. Zubiaren ertz bakoitzean hiri bat kokatuko ditu proiektuak, bien arteko ikus-entzunezko lotura eginez. Dokumental eta fikzioa nahastuko ditu lanak; pantaila zatituarekin eta zubia ardatz hartuta, Wroclaw eta Donostia bat egingo ditu, elkarrizketan jarriko ditu, espazio bakarra sortuz.

Ikus-entzunezkoez gain, beste arte diziplinak ere erabiliko ditu Sarasuak bere lanean. Literatura musika eta dantzarekin jantziko ditu bi hirietako irudiak. Iragana eta orainaldiaren arteko jolasa izango da, hiri bat bestearen etorkizuna edo bestea bataren iragana bihurtuko dira, kulturaren bi hiriburuak bat bihurtuz.

 


KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!