Pasa den igandean, apirilaren 13an, Orioko neskek Kataluniara bidaiatu zuten, Sofboleko Ohorezko mailako bi partida jokatzera. Bertan, Proyecte Sofbol Galvanenc taldearen aurka jardun ziren.
Lehenengo partidan, talde oriotarrak erraz gainditu zuen talde kataluniarra. Partida oso erosoa izan zen horientzat, 0-11 irabazi zuten. Emaitza hau, OBBren defentsa indartsu eta eraso konstantearen ondorio zuzena izan zen.
Azpimarratu beharra dago Ane Barandiaran jaurtitzaile eta Olatz Zubia Cacheraren lan bikaina, baita Maria Caicoya jokalari asturiar gaztearen agerraldia bateatzerako orduan; zelaitik pilota ateraz, bi karrera oso garrantzitsu lortu baitzituen partidaren momentu garrantzitsu batean.
Bigarren neurketa ez zen hain erraza izan talde oriotarrarentzat. Patxi Arnal eta Lorena Morrasek zuzenduriko neskek erasorako duten gaitasuna erakutsi behar izan zuten, hasieratik markagailuan aurretik jarri nahi baitzuten. Honela, 2-9ko emaitza lortu zuten.
Aipatu beharrekoa da taldeko gazteenak eta iritsi berriak erakusten ari diren maila bikaina, Meritxell Muñio eta Ainhoa Albizuri, adibidez. Baita Edurne Fernandez jokalariak erakutsitako maila ere.
Beraz, asteburu bikaina Orioko taldearentzat. Hurrengo bi partidak apirilak 26an jokatuko dituzte Orioko Mendibeltz Zelaian, 11:00etatik aurrera. Talde horiak Antortxa taldearen aurka neurtuko dituzte beren indarrak; talde valentziarra ligako lehen postuan dago momentuz.
OBB Orio