Joseba Unanue: "Kontzentrazioa lortzea sentsazio ezin hobea da"

Olatz 2014ko api. 10a, 17:21
ProMaster mailan Espainiako Txapeldun izendatu berri dute Joseba Unanue, hirukotekako kategorian.

Bi urte igaro ziren lehen aldiz dardoa eskuartean izatetik Europako txapelketa jokatu zuenera. Lagun baten tabernan dardo makina ikusi, eta berak taberna ireki zuenean, hautsez jositako txoko batean makina ipintzea erabaki zuen. Orion lehen dardo makina zuen taberna zen hura. Urte beteren buruan Gipuzkoako amateur mailan irabaztea lortu zuen Orioko taldeak. Ordutik, etenik gabe ibili da dardotan Unanue, podiumetik podiumera. 

Tabernei lotuak daude dardoak?
Izatez tabernetan jokatzen da dardotan, ni ere horrela hasi nintzen. Tabernan dardo makina jarri nuen eta Gipuzkoako Amateur mailan irabazi nuen beste hiru oriotarrekin batera. Lau urteren buruan 80 pertsona federatu zituen Oriok. Urte bete beranduago, 2005ean, Polonian nengoen Europako Txapelketan parte hartzen. Giro hark lotu egin ninduen, asko gustatu zitzaidan.

Ezberdintasun handia dago tabernako giroaren eta txapelketaren artean, ezta?
Herri mailako lehiaketak tabernetara mugatzen dira,eta jokoan errondaren ordainketa egoten da. Ordaintzeaz nazkatuta, irabazten hasi nintzen. Bakoitzaren inplikazio eta seriotasun mailaren araberakoa da tabernatik, lagunarteko girotik, polikiroldegietako txapelketetara pasatzea. Nik pauso hori eman nahi izan nuen.

Zergatik?
Hasi nintzenean lagunarteko jolasa zen niretzat dardoena. Denborarekin maila hobetuz joan naiz eta iritsi zen momentu bat lagunek eta nik jarrera eta helburu ezberdinak genituela jolasterakoan. Nire burua gainditu nahi nuen eta beste batzuekin hasi nintzen jokatzen.

Mailaz ere igo zara pauso hori eman duzunetik.
Hasieran Amateurra nintzen, gero Master mailara pasa nintzen; eta egun, ProMaster mailan nago. Maila ona daukagu baina oraindik ez gara profesional izatera ailegatzen.

Eta maila horretan Espainiako txapeldun izendatu zaituzte.
Benidormen izan ginen apirilaren 5 eta 6an, hirukoteka lehiatzen. Txapelketa larunbatean hasi zen, goizeko 9:00etan eta igandean amaitu zen, eguerdiko 14:00etan. Partida bakoitzak 30-45 minutu irauten zuen, hortaz, 15 minutuko atsedenaldia genuen. Talde bakoitzak bi bizitza zituen, eta guk lehenengoa –eta azkena– gaueko 22:00etan galdu genuen. Finalean Andorrako talde batean aurka jokatu genuen, zeinak lehendabiziko postuan zeuden rankingean.

Joseba Unanue


Ordu asko lehian, ezta?
Gogorra egiten da, neketsua baita. Baina une horietan pentsatzen dut aurkaria ere ni bezala dagoela, eta horrek indartu egiten nau. Txapelketetan indartsua izatea ezinbestekoa da, izan ere, jokalari ona izan zaitezke baina lehiakide txarra. Hortaz, plazagizona izatea oso garrantzitsua da; jarrera egokia edukitzea, lehiatzen jakitea. 

Jarrera egokiaz gain zer eskatzen du lehiaketak?
Zutik ordu asko egon behar duzu eta horretarako gaitasuna eduki behar da. Tentsioa, oreka eta indarra neurtzen ere jakin behar da. Niretzat garrantzitsuena eta politena kontzentrazioa mantentzea da. Hori lortzean sentsazio ezin hobea sentitzen dut.

Txapelketa polikiroldegian jokatu arren, taberna batean izenean jokatzen duzue, ezta?
Zarauzko Kezka tabernaren izenean jokatu dugu. Beti egonda tabernei lotua eta arrazoi horregatik Espainiar estatuak ez du kirola bezala onartzen. Azken urteetan elkarteak ari dira sortzen, Euskal Herriko zaharrenetarikoa Urnietan dago. Hortaz, guk ez dugu banderagatik jokatzen; lehia bakarkakoa da.

Etorkizunera begira, ze asmo?
Gure helburua top 32an sartzea da, oso paper ona litzateke. Talde horretako 20 beti berdinak dira, aldatzen direnak gainontzeko 12ak dira. Xehetasun txikiak dira ezberdintasuna markatzen dutenak. Bestalde, Oriori dagokionez, lau taberna dabiltza dardoetan eta 35 jokalari ditugu herrian. Apirilaren 15ean, gaur, probintzien arteko txapelketa jokatuko da eta Orioko 6 talde inguruk hartuko dute parte. Sailkatzen denak Santiagora joateko txartela eskuratuko du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!