Batetik, 2014ko Euskadiko Batel Txapelketa jokatuko da Legution apirilaren 12an eta 13an. Larunbatean, 16:00etan hasita, sailkatze estropadak jokatuko dira. Horietan, maila bakoitzeko denbora onenak egiten dituzten ontziak igandeko finalera pasatuko dira. Igandean, 11:00etatik aurrera, finalak jokatuko dira.
Zazpi mailak parte hartuko dute aurtengoan, Euskal Federazioak ez baitu Infantil Nesken Txapelketarik antolatu. Orio Arraun Elkartetik bost ontzi joango dira Legutiora, bost mailatan: kadete neskak, jubenil neskak, infantil mutilak, jubenil mutilak eta senior mutilak.
Bestetik, Gipuzkoako 2014ko Trainerila Ligako lehen bi jardunaldiak jokatuko dira. Apirilaren 12an, larunbatean, Orion izango da lehen jardunaldia 15:00etatik aurrera. Bigarrena Pasai San Juanen jokatuko da, apirilaren 13an, igandean, 11:00etan hasita.
Aulki mugikorra Italian
Italiako Piediluco lakuan aulki mugikorreko nazioarteko estropada bat jokatuko da, Paolo d'Alojaren oroimenezko estropadaren XXVIII. edizioa hain zuzen. Bertan, Imanol Garmendia, Ander Zabala eta Jon Carazo Orio Arraun Elkarteko arraunlariek parte hartuko dute, FER-Espainiako selekzioarekin.