Erria txikota!

Benito Lertxundi: "Sentipen erlijioso bat dut herri honekiko, Orioko izatea egiazkoa da"

Olatz 2014ko api. 7a, 15:29
Oria itsasadarrak asko transmititzen dio eta itsasoak oroitzapenak dakarzkio. Karakter bereziko herria da Benito Lertxundirentzat –1942, Orio– eta larunbatean kuttuna duen herrian eskainiko du kontzertua

Txikitatik musikari lotua... 

Beti pentsatu izan dut bizitza oso azarosoa dela; bide batetik joango zarela uste duzu, eta halako batean, beste batetik ateratzen zara. Zirkunstantziek eta egoerek eramaten zaituzte bide batetik ala bestetik. Horrelakoetan, hor egotea da gakoa. Nire kasuan, musikarekiko zaletasuna betidanik datorkit, ume-umetatik, gure familian ongi pasatzeko forma naturalena baita. Horrek izateko modu bat ematen dizu, hortaz, nahi gabe musika dagoen tokira gerturatzen da bat. 

Erloju-konpontzaileak ere tik-tak artean musika egiten zuen. 

Niretzat magia zuen gizona zen erlojugilea. Musikari autodidakta zen; organoa jotzen zuen elizan bazkalordutan eta disimuluan bera entzutera joaten nintzen, lokalizatua nuen. Harekin hasi nintzen erlojugile ikasten, ez dakit ziur zergatik: erlojugile izan nahi nuelako edo bere mundutxo horrek erakartzen ninduelako. Egun batean gitarra batekin etorri zen eta ea zer egiten duzun honekin esan zidan, gitarra niri utziz. Nire intuizioz hasi nintzen harekin jolasean. Handik denbora batera, nire lehendabiziko gitarra erosi nuen, elektrikoa. Bezeroek ederki ordaintzen zuten, 16:00etan ireki behar bainuen eta 17:00etan itxia egoten baitzen, ni barruan musika egiten aritzen nintzelako. 

Erloju denda batetik lehiaketa batetara...

Lotsati eta beldurtia izan naiz beti, kikildua. Baina egun batean gazte musikarien lehiaketa baten iragarkia ikusi nuen egunkarian eta izena eman nuen. Nabarmendu egin nintzen, eta horren ondorioz Mikel Laboaren deia jaso nuen, eskuartean proiektu bat zutela esanez. 

Ez dok Amairu zen proiektu hura, ez? 

Egin dudan bidearen zergatia bilatzen dut nik; izan ere, askotan diogu kasualitatea, baina ez, kausalitatea da. 

Kursaal zaharreko azpiko ganbara batean elkartzen hasi ginen. Bilera batek beste bilera bat ekartzen zuen, eta pixkanaka-pixkanaka Ez dok Amairu sortu genuen. Hasieran aipatu bezala zerbaiten bila zabiltzanean, ez duzu lortzen. Gauzak etortzen zaizkizu bilatzen ez dituzunean, Ez dok Amairu kasu. 

Zerbait badago ezkutuan, kontrolatzen ez duguna, eta horregatik da polita bizitza. Egin dudan bidearen zergatia bilatzen dut nik; izan ere, askotan diogu kasualitatea, baina ez, kausalitatea da. 

Batez ere, protesta abestiak egiten zenituzten. 

Herri menperatuaren kontzientzia sortzen da, baina menperatua denez, ez dauka munduan buruz-buru egoteko aukerarik. Garai hartan, diktadurak dena oso ertsitua zuen arren, kantariak nahiko libreak ginen; uste zen kantatzean ez genituela gauzak esaten. Konturatu zirenean filtroa jarri zuten. Garai hartan protesta kantak zeuden indarrean munduan eta guretzat errezeta ona zen hori, garaiko uhin horretan geundelako alde batetik eta gure egoera sozio-politiko kulturalari erantzuten ziolako bestetik. Eraztun bat bezala zetorkigun. Berehala ohartu ginen lo zorroan zegoen herriak eztanda egin zuela. 

 

Benito Lertxundi from Karkara Aldizkaria on Vimeo.

Ez dok Amairun, hortaz, herri kontzientzia hartu zenuen?

Herri honetan ez da pedagogia politikorik egin gutxienez jakiteko politika zer den eta zerekin egina dagoen. Hori jakinez gero badakizu gauzak zergatik gertatzen diren. Gu oso nazio menperatu zaharrak gara, hortaz, herria ohitu egiten da horrekin bizitzen. Guk, garai haietan, ez genuen kontzientziarik, baina Ez dok Amairuren kidetasunean iritzi trukaketa asko egin genituen eta horrek lagundu egin zigun kontzientzia lantzen. 

Garai berean Ikastolak sortzen ari ziren... 

Eta modu klandestinoan gainera. Ikastolak diktadurapean sortu ziren, eta hori niretzat miraria da. Herri honek egin duen gauzarik iraultzaileena da; gauza garrantzitsuagorik ez du egin. Gainera, fundamentuz egin zuen. 

Gutako bakoitzak izan liteke ispilu beste batentzat, eta hori oso euskarri polita da. Inork ezindu inor salbatuko, norbera baita bere salbazioa.

Gutako bakoitza izan liteke ispilu beste batentzat, eta hori oso euskarri polita da. Inork ezin du inor salbatu, norbera baita bere salbazioa. Baina urkoa ispilu izan liteke; izan ere, batek ispilura begiratzen duenean ez du begiratzen ispilua ikusteko, baizik eta norbera ikusteko. Eta niretzat ikastola ispilu bat da.

Garai hartan makina bat martxan jarri zela dirudi, gauza asko hasi baitziren loratzen, baina berriz ere memoria ahultzen doa. Gaur egungo Euskal Herria ez dut uste gai izango zenik horrelakorik egiteko, txepeldu egin baita.

Oraingoan Ikastolen aldeko ekitaldi batean kantatuko duzu.

Arrazoi gehigarria da Ikastola baten alde ematea kontzertua, beti da plus bat. Euskal Herrian merezi duen instituzioren bat baldin badago Ikastola da.

Eta Orion izatea, beste plus bat ezta?

Donostian asko ibiltzen nintzenean, lagun batek esan zidan: Asko ukitzen baduk giro hau gero kosta egingo zaik jende hau antzokira ematea

Horrek efektu handia egiten du zu misteriotsua zarenean, baina kasu honetan, egunero ikusten nauten jenderen aurrean kantatuko dut. Ez dok Amairu garaian, Donostian asko ibiltzen nintzenean, lagun batek esan zidan: Asko ukitzen baduk giro hau gero kosta egingo zaik jende hau antzokira ematea. Orduan, nola egiten duzu misterio hori? Beste elementu afektibo batzuk egon behar dute, eta badaude.

 

Zeintzuk?

Oriotar izatea nigan oso naturala izan da betidanik. Niretzat Orio oso herri berezia da, badu halako glamour berezi bat, karakter bat. Itsasoak eman dio hori? Arrantzale, arraun eta angula tradizioa daukazu, baita epikara eraman gaituen barra ere. Ez dakit. Ondo gogoan dut hiru urterekin arraunlariak Santanderretik etorri zirela arraunean, bandera bat irabazi ostean. Banda musika, kanpai hotsak, hunkitutako herria... zarata hura oso bizirik daukat.

Kantagintzak beste toki batzuetara eraman nau, eta Oriotik urrundu. Urteak joan ahala nire berezko oriotartasun peto hori asko bizi dut. Azken urteotan Oriotik ateratzeko gogorik ez daukat, beharragatik ateratzen naiz soilik. Hemen oso ongi nago, sentipen erlijioso bat dut herri honekiko. Orioko izatea egiazkoa da.


Benito Lertxundi - begiak

Barne begirakoa egiten duzu egun kantagintzarekin, sentipenetatik abesten duzu...

Nahiz eta musikak modu abstraktuan asko adierazten duen, letrak ezinbesteko osagarri dira. Nire gaurko zeregina hori da. Askotan nire buruarekin haserretzen naiz, inspirazioa etorri ahala gauzak apuntatzen ez ditudalako eta ahaztu egiten zaizkidalako. Baina ahaztutakoa berriz etortzen da, eta horiek dira kontuan hartu beharrekoak. 

Behin, Jon Maiak testu bat idatzi zuen itsasoan zebilela. Nirekin gogoratu omen zen musika jartzeko eta niri pasa zidan. Estudioko kaxa batean sartu nituen. Handik puska batera, oheratu eta lo egin ezin nuela nenbilen, doinu bat baineukan buruan bueltaka. Bat-batean testu haiekin gogoratu nintzen, estudiora joan eta  ondo ezkontzen zirela ohartu nintzen. Magikoa da.

Jon Maiak esan zuen folkloretik gaurkotasunerako trantsizio musikala egin duzula.

Artegintzan gaiztotasun asko dago. Egiazki, benetan asko komunikatzen duten gauzak sortzen direnean, mina dago. Nik, adibidez, ez dut inoiz onartu nire ahotsa eta nire kantatzeko modua; beti borrokan nago nire egiteko moduarekin. Min horretatik aldaketak datoz, eta horrela lortzen dira estetika horiek. Hortaz, ni ez naiz aldaketen kontziente, ez naiz bila joaten. Beharrak eramanda egindakoak dira. 

 
Benito Lertxundi - elk

Ibilbidean zehar egingo du bidaia larunbat honetan, Orioko Karela kiroldegian, gaueko 22:00etan Lertxundik, eta ikuslearekin batera bidaia emozionala ere egingo du. Sarrerak Orioko Ikastolako idazkaritzan eta Gelaton eskuratu daitezke, baita Oiartzungo Amazkar tabernan eta Azpeitiako Sanagustin kulturgunean ere. Sarrerak aldez aurretik erreserbatzeko aukera ere badago, 605 72 46 16 telefonora deituta edo eva@fenixprods.com helbidera idatzita. Egunean bertan ordu bete lehenago jaso beharko dira txarteldegian erreserbatutako sarrerak; bestela, salgai jarriko dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!