Hossain Kaanache: "Maila ona eman nahi dut larunbat honetan"

Olatz 2014ko mar. 31a, 13:54
Duatloian maila ona erakusten ari den arren fokua triatloian dauka jarrita korrikalariak

Azken bi astetan podiumera bitan igo da Hossain Kaanache. OƱatin bosgarren geratu zen, eta sailkapen orokorrean, hirugarren postua lortu zuen. Pasaden asteburuan, bigarren geratu zen Barakaldoko duatloian. Lasterketen emaitzak garai honetan ez dira horren garrantzitsuak, baina ondo datoz, bide onetik noan seinale, aitortzen du oriotarrak.

Entrenamenduak ez ditu duatloi horiei begira egin. Bilbo eta Zarautzeko triatloiak dira bere helburuak, hortaz, horiei begirako entrenamenduak egiten ditu. Larunbatean, esaterako, 150 km egin nituen bizikletaz, goizean; arratsaldean, igeri egin nuen. Igandean Barakaldoko duatloira joan nintzen eta bigarren postua lortu nuen. Entrenamenduen karga kontuan hartuta, emaitzarekin oso gustura dago Kaanache. Helburu, beraz, triatloiak ditu; eta duatloiak, entrenamendu. Benetako prestaketarako baliagarriak zaizkit duatloiak, helburu horrekin egiten ditut, aitortu du.

Duatloia bere ezaugarri fisikoetara hobeto egokitzen den arren, Kaanacheren erronka nagusia igeriketa da. Hortaz, bere erronka triatloia da. Forma fisiko ezberdinak eskatzen dituzte biek. Duatloirako indar asko behar duzu, oso modalitate agresiboa delako. Triatloia, ordea, ez da hain gogorra baina forma fisiko osoagoa behar duzu, azaltzen du.

Asteburu honetan ere orain arteko erritmoa mantendu nahi du lasterkariak. Larunbatean Nazioarteko Gernikako Duatloian hartuko du parte eta maila ona eman nahi du. Kaanacheren helburuak, aurten, hiru dira: Bilbo eta Zarautzeko triatloietan aurrean ibiltzea, igeriketako maila hobetzea eta, azkena eta garrantzitsuena, lesiorik ez jasatea.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!