Adriana Campoy: "Oso lehiakorra naiz"

Olatz 2014ko mar. 26a, 00:18
Marka hausteko helburuarekin joan eta hiru errekorrekin bueltatu zen oriotarra Espainiako txapelketatik. Orain, familiari eskaini nahi dio denbora, kirola alboratu gabe

Denbora aurrera egin ahala ardoa hobetu egiten omen da. Adriana Campoy, ardoaren antzera, hobetu egiten da adinean gora egin ahala; markak hausten baititu urtetik urtera. Oraingoan hiru errekorrekin etxeratu da igerilaria Espainiako txapelketatik. 

Errekorra errekorraren atzetik...
Irailean, entrenatzen hasten naizenean, Otsailari begira egiten dut lan. Txapelketan aurretik lortutako marka haustea da lortu nahi izaten dudana, eta lortu dut jarritako helburua.

Eta behin helburua lortuta?
Ukaezina da emaitzak lortu nahi ditudala, baina ez da nire lehentasuna. Adin honekin lortuko ez banu ere ez nintzateke gaizki sentituko. Ondo pasatzen dut txapelketa begirako prestaketan, gozatu egiten dut.

Beharrekoa da, hortaz, zure bizitzan kirola egitea.
Energia gabe gelditu arren, entrenatzeko beharra sentitzen dut. Energia gastatzeko beharra daukat, oso pertsona mugitua bainaiz. Lasaitasunerako bidea da igeriketa. Nire buruarekin ondo sentiarazten dit, ongizatea ematen dit, askatasuna.
Goizero, gimnasiora joaten naiz, oso inportantea baita. 3 egunez pisuarekin ibiltzen naiz eta bi egunetan TRX egiten du; indarra lantzeko beste modalitate bat da, modernoagoa, baina oso ona eta kirol guztietan aplikatu daitekeena. Nire emaitzetan eragin handia izan du, izan ere, 50 metro bularreko proba prestatu dut eta indarra erabakigarria da.

Eta lehia bihurtzen denean askatasun-bide izaten jarraitzen du?
Oraindik erakargarriagoa bilakatzen da. Oso lehiakorra naiz eta lehiaketak asko gustatzen zaizkit.  Finean, beti behar duzu helburu bat, bestela berehala uzten duzu egiten ari zarena. Ondorioz, niretzat lehiatzea motibazio bat da.
Lehiaketan nagoenean zentratuta egoten naiz nire eginkizunean, lortu nahi dudan helburuan. Seriotasun handiz hartzen ditut eta bakarrik egotea gustatzen zait, kontzentrazioa mantentzeko. Halaber, hori lehiaketa garrantzitsuetan soilik egiten dut, Espainiako txapelketak adibidez. Gainontzekoetan, lasaiagoa hartzen ditut gauzak.

Adriana Campoy: "Oso lehiakorra naiz"

Lehiakorra izateko zer da kontuan hartu beharrekoa?
Lehiatzerako orduan sinetsi egiten dut lortu dezakedala, konfiantza daukat nigan. Horrek asko laguntzen dit, han bainago: ziur eta lasai. Emaitzen ordua da lehiaketarena, beraz, ordura arte lana ondo egin badut ondo aterako da.

Jarrera garrantzitsua da orduan.
Nire ustetan zorteak ez du lekurik lehian. Egun txarrak ez daude, hori aitzakia da. Lana ondo egin baduzu emaitzak egongo dira, bai ala bai. Eta hori jarrera kontua da. Nik, esan bezala, sinetsi egiten du eta serio hartzen ditut txapelketak. Nire alboan nire entrenatzailea egotean da beti, eta une jakin batzuetan asko laguntzen dit: beroketetan eta proba amaitu ostean, esaterako. Bere figura oso garrantzitsua da niretzat, asko laguntzen dit. 

Zure konplizea dela esan dezakegu, orduan.
Naizena baina indartsuagoa egiten dit. Ziur nago bera egongo ez balitz nire emaitzak ez liratekeela horrelakoak izango. Asko ezagutzen nau eta badaki niretzat zer den egokiena. Konfiantza osoa daukat berarengan.

Eta etxean zure afizioa gauzatzeko babesa sentitzen al duzu?
Badirudi emakumeak etxean bete behar batzuk dituela, etxeko lanak egin behar dituela eta zainketaz arduratu behar duela. Kasu batzuk salbu, gaur egun ere ideia hori dago zabalduta. Gainera, kirola gizonezkoen mundua dela dirudi, hortaz, kirolari ona den emakumeak gizonezkoei errespetua ematen dielakoan nago. Kirola egin dezakegu baina gainontzeko guztia ordenean mantentzen badugu, gure eginkizunak betetzen baditugu.
Alde horretatik zortea izan dut, izan ere, nire senarra oso kirolaria eta nire zaletasuna elkarbanatzen dugu. Ulertu egiten dit eta babestu. Elkarri errespetatzen gara eta batak besteari espazioa ematen dio. Oreka bilatzea zaila da eta guk balantza orekatua daukagu.

Eta seme-alabek, zer diote?
Lau seme-alaba dauzkat eta guztia uztartzen ahalegintzen naiz. Ez dira ohartzen entrenatzen ibiltzen naizela, izan ere, goizean goiz ala bazkalorduan egiten ditut entrenamenduak, beraiek ikastolan dauden denboran. Hori, astelehenetik ostiralera; asteburuak, aldiz, etxekoentzat gordetzen ditut. 

Bi Adriana dira lehiaketan dabilena eta etxean dagoena?
Urte erdia oso gogor ibiltzen naiz, Espainiako txapelketa prestatzen. Gainontzean lasaiago ibiltzen naiz, eta mantentzeko eta gozatzeko egiten dut kirola. Orain, fase horretan nago. Triatloiak eta zeharkaldiak egiten ditut, baina beste helburu batekin: helmugara iristea. Nire familiarentzako tartea hartzen dut, baina kirola erabat alboratu gabe. 
Kirolak eragina dauka nire umorean: entrenatu ezkero umoreko nago, entrenamendurik gabe umore txarra izaten dut. Hortaz, lehiaketak utzi arren kirola egiten jarraitzen dut, gainontzeko alorretan aldarte onean egotea ahalbideratzen baitit. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!