Ikasturtea kantuan eta dantzan agurtzen

Karkara 2014ko eka. 14a, 20:38
Aiako Lardizabal Herri Eskolaren eguna ospatu dute gaur ikasle, guraso eta irakasleek.

Oparoa Aiako Lardizabal Herri Eskolak eskaini duen emanaldia. Kantuan, poesia errezitatzen, bertsotan eta dantzan aritu dira ikasleak gurasoak eta familia parean zituztela. Begira-begira, arreta galdu gabe, eta beraiekin batera kantatzen eta dantzatzen ibili diren gurasoak. Harro, beraien seme-alabak egindakoaz; gozatzen, sortu duten festa giroaz. 

Irakaslea, artega. Hilabetetako lanaren emaitza ikusiko zela eta. Lanak eman ditu fruituak eta emaitza borobila izan da, polita. Diziplina ugari uztartu dituzte emanaldi aberatsa osatuz. Aberasgarria umeentzat oholtza gainean jarri, mikrofonora hurbildu, eta guraso guztien begiradapean kantatzen eta errezitatzen aritzea. Aberatsa taula gainean aritzeko ausardia izatea; eta aberatsa eskaini dutena, talentuz betea egon baita oholtza. Txaloz eskertu dute gurasoek irakasle eta ikasleek egindako lana. 

Sormenerako gaitasuna dutela ikuskizunean zehar erakutsi badute ere, ondoren zabaldu duten eskulan erakusketan berretsi dute. Erakusketarekin batera argazki emanaldiaren irekiera egin da.

Gosea sentitzen hasi orduko mahaiaren bueltan eseri eta guraso elkarteak antolatutako bazkaria jan dute. Goizean goizeko festa giroak jarraitu du bazkarian; solasean, kantuan eta jolasean aritu baitira guraso, irakasle eta ikasleak.

Bazkalostean batzuek kafea hartu dute; txikienek, ordea, tailerrak izan dituzte. Tripa ondo bete ondoren, helduak bingoan eta musean aritu dira. Mahaitik zutitu eta dantzan jarri dira gero, eguna festa giroan amaitzeko dantzaldia izan baitute. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!