Elkano auzoan frontoia eta elkartea egingo dira

Karkara 2014ko urr. 16a, 11:32

Elkano auzokoen eskaera onartu zen eta azaroaren erdi aldera hasiko dira obrak. Horrez gain, beste hiru gai ere onartu ziren urriaren 14an egindako plenoan

Urriaren 14an plenoa egin zen Aian. Lau eztabaida gai izan ziren: Arrazubiko baserrien eta bihurgunearen konponketa, 2014. urteko 4 kredituen aldaketa, turismoaren plan estrategikoa eta Elkano auzoko frontoia eta elkartea.

Arrazubi Olazabal: behin behineko onarpena

Santio Erreka auzoko Arrazubi-Olazabal eta Arrazubi Errotako baserriekin batera, etxaurreko bihurguneari konponbidea eman nahi zaio. Hori dioen dokumentua behin behineko onartu zuten aldeko 8 botorekin: 6 baiezko EAJk eta 2 Bilduk. Orain dokumentua Jaurlaritzara eta gero Foru Aldundira bidaltzen da behin betiko onarpena emateko.

2014. urteko 4 kreditu aldaketa

19.000 eurotako kreditu aldaketa onartu zen, beste behin EAJren 6 aldeko botorekin eta Bilduren aurkako 2 botorekin. Kreditu aldaketa honekin jaietako kontuetara 1000 euro pasatzen dira eta gainontzeko 18.000 euroak Aia Lantzen SAk dituen altxortegia arazoak konpontzeko mailegu bat emateko bideratuko da. Kreditu aldaketa hau 2013ko aurrekontuetako diru zaintzako gerakinetik finantzatuko da.

Turismoaren Plan Estrategikoa

2014ko otsaila eta ekaina bitartean, herriko turismo arloko eragileekin, plan estrategiko bat diseinatu zen. Epe motzerako eta epe luzerako Aiako herriak turismoari begira eman beharreko pausoak zehazten ditu planak eta aho batez onartu zen.

Elkano auzoko frontoia eta elkartea

Aspaldi egin zuten Elkano auzotarrek frontoia eta elkartea egiteko eskaera. Herenegungo plenoan obren proiektua onartu zen, esleipena egiteko plegu teknikoak eta desjabetze espedienteari hasiera eman zitzaion. Proiektuaren zenbatekoa –BEZ barne– 711.913,81 eurotakoa da. Estalkia ez da prezio horren barruan sartzen, ondorengo adjudikazio batean sartuko baita.

Obra egiteko 20 astetako epea dago, baina, hori baino lehen, eskaintzak aurkezteko epea dago. Epe hori 15 egunekoa izango da eta Udalak entregatutako eskaintza hoberenari esleituko dio obra. Kontrakorik ezean, azaroaren erdi aldera obrak hasteko asmoa litzateke

Lehen hiru gaien antzera, azken hau ere EAJren aldeko 6 botorekin eta Bilduren kontrako 2 botorekin onartu zen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!