Txapeldun izatearen zama

Karkara 2014ko abe. 5a, 15:31
Argazkia: kulturleioa.com

Organik dantza konpainiak lan berria aurkeztuko du Durangoko azokan: Txapeldun. Eneko Balerdik, Kepa Junkeraren musikaz lagunduta, txapeldunaren irudia landuko du dantzaren bitartez.

Gaurko gizartea oso lehiakorra da. Txapeldun izateak eta horren bilaketa konstanteak berebiziko garrantzia hartu du pertsonen bizian. Txapeldunaren figuraz hausnartuko du Eneko Balerdik bere azken lanean.

Abenduaren 8an, astelehenean, aurkeztuko du Organik dantza konpainiak Txapeldun lana. Kepa Junkerak musika jarri eta Eneko Balerdik dantzatuko du.

Kirol munduan aritu zen zuzendaria, Natalia Monge, dantzan sartu aurretik. Txapeldun izatea ere kirolarekin lotzen da, nahiz eta beti ez den horrela. Balerdiri kontzeptua aurkeztu zion Mongek, eta bien artean obra sortzen hasi ziren. Abiapuntua proposatuta, mugimendu eta testuen sorkuntzan murgildu ziren biak. Kirolei erreferentzia eginez –aizkora, arrauna, sega, futbola, xakea, atletismoa, igeriketa, gimnasia artistikoa, boleibola...– ordubetez kirol batetik besterako bidaian arituko da dantzaria.

Zuzeneko musika ere badu ikuskizunak. Kepa Junkerak sortu du musika, eta berarekin batera Sorginak taldeko bi musikari arituko dira zuzenean. Junkerak ere sormen prozesuan parte hartu du, modu paraleloan. Musikaren erritmora dantza egingo du Balerdik, eta erritmo horretatik aldendu.

Abuztuan hasi ziren ikuskizuna prestatzen, egunean 5 orduz entseatzen. Orain, bost hilabete geroago, aurkezpena egingo dute Durangon, San Agustin Kulturgunean, 19:00etatik aurrera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!