Euskal Herriko Itzulia

Euskal Herriko Txirrindulari itzulia Aian amaituko da

Karkara 2015ko mar. 4a, 08:04

Euskal Herriko itzuliko azken bi probak Aian amaituko dira. Hori guztia antolatzeko bilera antolatu dute, martxoaren 5ean, arratsaldeko 19:30ean, kultur etxean.

Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia Aian amaituko da aurten. Apirilaren 10ean Eibarren hasitako probak Aia izango du helmuga; eta apirilaren 11ko proba, erlojupekoa, Aian hasi eta amaituko da.

Honek guztiak aldaketak ekarriko ditu Aian, zirkulazioan bereziki. Herritarrei azaldu nahi dizkiete Euskal Herriko Itzuliak herrian ekarriko dituen aldaketak. Bilera martxoaren 5ean izango da, arratsaldeko 19:30ean, kultur etxean. Herriko kaskoan eragingo dute gehien aldaketek, hortaz, bertako bizilagunei bilerara joatea eskatzen die antolakuntzak.

Bi egun horietarako boluntario bila

Txirrindularitza zale asko bilduko dira apirilaren 10ean eta 11n Aian. Hori guztia bideratzeko boluntario askoren laguntza beharko da, hortaz, lanean aritu nahi duenak izena eman dezake Aiako kultur etxean. Martxoaren 18a baino lehen eman beharko da izena, bai bertaratuta, bai telefonoz 943 13 09 24 zenbakira deituta.

Bi etapen nondik norakoak

  • Eibar-Aia. 155 km
    • Irteera 13:15etan.
    • Eibarko Unzaga plazan izango da irteera. Elgoibarreruntz abiatuko dira. Mendaro, Kalbario igo, Mutriku eta Debatik pasa, Itziar, Zumaia eta Getariara iritsi, Garate gaina igo, Azpeitia aldera jaitsi eta Urrakiko muinora zuzenduko dira txirrindulariak. Tolosara jaitsiko dira ondoren, Anoetara eta Alkizara joateko. Asteasutik pasako dira gero, Andazarratetik Aiara iristeko.
    • Helmugaratzea 17:13ak aldera izatea aurreikusten dute.

     

  • Aia-Aia erlojupekoa. 18,3km
    • Lehen txirrindulariaren irteera ordua: 14:50.
    • Azken txirrindulariaren helmugaratze ordua, gutxi gorabehera: 17:12.
    • Aiako Udaletxe plazatik abiatuko da. Handik, Oriora jaitsiko dira, Ubegun industrialdetik. Oriora iristean, berriz ere Aiara itzuli beharko dute txirrindulariek, Errota jatetxetik.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!