Euskal Herriko Itzulia

Bizikletaz mundua ezagutzeko bi aukera

Karkara 2015ko mar. 26a, 12:30

Bizikleta eguna izango da bihar, martxoak 27, Aiako eskolan. Tandemean Hegoameriketatik barrena ikus-entzunezkoa eskainiko dute batetik, 9 urtetik gorakoentzat; bestetik, 3 urtetik 8 urte bitartekoentzat Faustinarekin Munduratuz antzezlana izango da.

Bizikleta astearen barruan hainbat ekintza antolatu dituzte. Gaur, esaterako, Mundua Bizikletaz Asian hitzaldia izango da. Bihar, Aiako eskolan bizikleta eguna egingo dute. Honen harira, pare bat ekintza antolatu dituzte: Tandemean Hegoameriketatik barrena ikus-entzunezkoaren proiekzioa eta Faustinarekin Munduratuz antzezlana.

Bizikleta berean pedalei eragiten

Enekok lau urte zeramatzan bizikletan, bakarrik, munduari bira ematen. Brasilen zebilela, Miyuki ezagutu zuen. Bakoitzak ordura arte zuen bizitza eta planak utzi, eta elkarrekin Euskal Herrira etorri ziren. Bi urtera, abentura berri bati heldu nahi izan zioten eta tandem batean Hegoamerika aldenik alde zeharkatzeari ekin zioten. Ushuaiatik Caracaseraino. 15.000 kilometro.

Miyuki haurdun gelditu zen Caracasen zeudela, hortaz, Euskal Herrira itzuli ziren. Bidaiako argazki eta bideoak ikusi zituzten etxean, behin eta berriz, eta hautaketa bat egin ondoren, 45 minutuko ikus-entzunezkoa osatu zuten. Bertan ikusi daitezke Patagonia haizetsu eta hotza, Brasilgo hondartza bakartiak, Amazoniako oihan hezea... Baina, parajeak ez ezik, toki bakoitzeko kultura eta herritarrek ere badute presentzia.

Faustinarekin mundua ezagutzeko aukera

Eneko Etxeberria da protagonista, baita gidoilaria ere Javier Fernandezekin batera. Bingen Mendizabalek musikatutako antzezlana prestatu dute, hezitzailea eta umoretsua. Txirrinduan munduari bira ematen dio protagonistak, baina, oraingo honetan, antzeztu egiten du hori.

Arestian aipatu bezala, bera lau urtez ibili zen munduari bira ematen, eta antzerkia esperientzia horretan oinarritzen da. 46.000 kilometrotan 32 herrialde bisitatu zituen, eta horietan bizitakoa kontatuko die eskolako haurrei bihar Enekok.Taula gainean ez da bera bakarrik egongo, txirrindua ere izango du, Faustina deiturikoa.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!