Metro, boulot, dodo

Peru Iparragirre 2015ko api. 29a, 15:32

Bigarren linean etxetik ez dakit nora edo ez dakit nondik etxera nindoala kantari bat sartu da gure bagoian, teklatu bat dakarrela aldean.

Udaberriaren etorrerarekin zuhaitz apurrak koloreak hartzen hasi diren arren kopetilun jarraitzen du jendeak metroaren zain, metroan, lanera bidean. Metro, boulot, dodo –metroa, lana, lo– da oraindik hemengo erritmoa, lana dutenentzat behintzat.

Bigarren linean etxetik ez dakit nora edo ez dakit nondik etxera nindoala kantari bat sartu da gure bagoian, teklatu bat dakarrela aldean. Beranduago jakin dut kantari hura Mohamed Lamouri deitzen dela eta kolore urdineko lineako bidaiariak dituela ohiko entzule. Badira urte batzuk Aljeriatik etorri zela eta dagoeneko nahiko ezagun egin da. Esku batekin sorbaldaren kontra jarrita duen teklatua eusten du, beste eskuarekin teklak joaz. Begirada urritua jende artean dabil.

Gizon mozkor bat sartu da berari jarraika, iluntzea da eta bagoiko jendeak loa edo festa edo gaueko turnoa dauka buruan. Kurba bakoitzean jendearen gainera erortzen da gizon mozkorra, Mohameden ahots urratuari eta melodia hipnotikoei noizbehinkako oihu lardaskatuak gehitzen dizkiolarik. Egoera arraroa da: gutxitan bezala, ez da inor telefonoz ari, jendea isilik doa, adi. Zer gertatuko hurrena. Egoera deserosoa da, Billie Jean kantu mitikoaren bertsio sinple eta hunkigarriaren doinuaren gainean egiten du orain oihu mozkorrak.

Norbaitek zerbait esan nahi lioke, baina beldurtuegi gaude, edo konturatzen gara edozer esanda ere ez ligukeela ulertuko ez eta kasurik egingo. Halako batean Mohamed bagoitik jaitsi da eta atzetik joan zaio mozkorra, zerbait esanez. Bagoian geratu garenok gertatu berri dena sinetsi edo ez gabiltza oraindik, ametsetik esnatu edo amesten jarraitu erabakitzen.

Arrazoi huen / klarionez marraturiko zirkulu hertsia dun hiria. idatzi zuen Sarrionandiak Parisetik amodio gutuna poeman, eta egia da. Klarionez marraturiko zirkulu hertsia da hiria eta barnean harrapatzen gaitu gu, zomorro miserableok.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!