Nekane Arrizabalaga: “Jarraipena eman nahi diogu egiten ari garen lanari”

Karkara 2015ko mai. 24a, 10:38

Agenda betea eduki arren, konpromisoa hartu du herritarren eta herriaren onurarako lan egiteko. Independente gisa aurkeztu arren, EAJren babesa du. Talde kohesionatua osatzen dutela dio.

Gipuzkoako Foru Aldundian ibili da lanean eta orain desafio berri baten aurrean dago,  alkate izatera pausoa eman nahi du Nekane Arrizabalagak –Aia, 1972–.

Zer dela eta aurkeztu zara independente moduan?

Aurreko legealdian ere idenpendiente aurkeztu nintzen. Beren lan egiteko moduarekin eta ekintzekin bat nator, berengandik gertu sentitzen naiz. Beren babesa sentitzen dut.

Aurreko legealditik zer da ondo eta gaizki egin dena?

Proiekturik garrantzitsuenak gauzatzea zen gure helburua, eta martxan daude jada. Eskolaz eta Elkano auzoko frontoiaz ari naiz. Inbertsio potenteena eskatzen zuten proiektuak ziren. Eskolaren proiektuarekin urte asko daramatzagu lanean, eta, azkenean, herritarrekin eta eskolako lankide eta erabiltzaileekin elkarlanean, martxan jarri dugu.Ilusio handiarekin gaude.

Bi proiektu horietan jarri dugu fokua, herritarrak ahaztu gabe. Beren eguneroko beharrak ikusi eta horiei erantzuna ematen ere ahalegindu gara.

Zerk izango du lehentasuna datorren legealdian?

Ildo beretik jarraituko dugu.Lanerako gogoarekin eta ilusioarekin dagoen lan taldea osatzen dugu, oso konprometitua. Herritarrek bizitza duina izan dezaten konpromiso osoz egingo dugu lan.

Aurreko legealditik gatoz, hortaz, martxa hartuta daukagu eta ez dugu gelditu nahi. Gatozen bidetik jarraitu nahi dugu, gure lan egiteko modua eraginkorra iruditzen baitzaigu, eta herritarren nahiak eta beharrak asetzen segi nahi baitugu.

Zer du zuen alderdiak besteek ez dutena?

Ez dugu besteengan pentsatzen, guk Aia herrian pentsatzen dugu. Gure lanean zentratu nahi dugu. Udaletxeko dinamikan sartuta gaude eta jarraipena eman nahi diogu egiten ari garen lanari legealdi honetan.

Herritarrekin egongo gara, orain arte bezala, berekin elkarlanean egiten baitugu lan. Kontaktu hori izaten jarraituko dugu.

Aiak auzo ugari ditu. Aipatu duzun elkarlana nola gauzatuko duzue?

Orain arte egin dugun  moduan. Bilerak egingo ditugu auzoetan, eta bilera horiek beharren araberako maiztasuna izango dute. Bileretan beren ekarpenak entzuten ditugu eta guk,  eskaini dezakeguna azaltzen diegu. Hartu-eman horretatik proiektuak jaiotzen dira. Proiektu horiek forma hartzeko bilera gehiago egiten ditugu. Batzuetan auzoan eta beste batzuetan udaletxean.

Auzotarrek eskertu egiten dute bilerak egitea, kontuan hartzen dituzula ikusten baitute.  Guztioi gustatzen zaigu entzunak izatea eta guri, entzutea egokitzen zaigu, herriak zer behar duen jakin nahi baitugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!