Ramon Lizeaga: “Hamabost urteetan topatutako lagunen gaztak eta gureak ditugu”

Karkara 2015ko eka. 3a, 16:15

Aian egiten du gazta, eta Donostian saldu. Merkatuetan berak saltzen zuen produktuaren bila joaten zirela ikusirik, ideia berria gauzatu zuen Lizeagak: gazta bakarrik salduko duen denda.

Donostiako Elkano kalean, paseoan zabiltzala, usainak ez bada erakusleihoak erakarrita, Ramon Lizeagaren –Pasaia, 1974– Gazta is cheese dendara gerturatuko zara, Euskal Herriko lehen gazta dendara.

Lehendabiziko gazta denda zabaldu duzue Euskal Herrian.

Horretarako beharra zegoen. Gazta ekoizleak gara eta Donostiara etortzen ginen saltzera. Ez zegoen tokirik non gaztaz bakarrik hitz egin zitekeen; hutsune hori zegoen. Kanpoan, ordea, gazta denda ederrak topatu ditugu. Eta, geure buruari zergatik hemen ez galdetzen genion. Azkenean, animatu egin gara.

Eta erosleek eskertu al dute hori?

Merkatua ondo aztertua geneukan aurretik. Astero-astero auzoz auzo ibiltzen gara Donostian, azokan, gazta saltzen. Plazara aukera gehien ematen ari ginenak ginen, hemen inguruan. Jendea atzetik etortzen zela ikusi genuen, gure eskaintza estimatu egiten zutela. Eta hori dendan ere islatu da, hilabete daramagu negozioarekin eta perspektibak betetzen eta gainditzen ari gara.

Askotariko gaztak dauzkazue.

Gutxi gorabehera 25 gazta ditugu orain. Gure ekoizpenarekin eta gaztagintzan daramatzagun 15 urteetan topatutako lagunekin osatu dugu denda. Dena den, eskaintza aldakorra da; gazta batzuk garaian-garaikoak baitira, beste batzuk orain ari dira ontzen, artzainak mendira joango dira eta gazta egiteari utziko diote...

Ekoizpen propioko bi gazta dauzkazue, ezta?

Ardi gazta urdin bat eta behi gazta bat, bai. Bi gaztekin ari gara lanean.

Baina ez zara dendan dagoen Aiako ekoizle bakarra...

Hemen, oro har, aukera gutxi dago. Aiak kolorea jartzen dio Euskal Herriko gaztagintzari, barietate gehien han egiten baita.

Euskal Herrian aukera gutxi egonda, jendeak ohitura al dauka gazta ezberdinak dastatzeko?

Jendea ohituta dago beste gazta batzuk jaten eta erosten. Kontua zera da, kanpokoak direla gazta horiek. Batez ere supermerkatuetan eta azalera handiko dendetan aurkitzen dituzte gazta mota horiek. Baina horiek ez dira gurearen tankerakoak, ez baitira horren egiazkoak. Jendeak erraz desberdintzen ditu gure gaztak eta supermerkatukoak eta hori aintzat hartzen dute.

Ohitura badago, hortaz, hainbat gazta mota jatekoa.

Gero eta gehiago, gainera.

Negozioa beste lagun batekin ireki duzu, italiarra bera.

Gazta-dastatze batean ezagutu gendun elkar, duela urte dezente. Bera gazta eskola batetik dator, gaztagintza ikasi zuen Italian. Biok maite dugu gazta .

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!