Hauteskundeak

Espero bezala, Nekane Arrizabalaga da Aiako alkatea

Karkara 2015ko eka. 15a, 11:36

Eskerrak eman zieten bai EAJk, bai EH Bilduk babesa adierazi zieten herritarrei. Lasai joan zen Udal eraketa, espero bezala.

Txalo artean aldatu zen eskuz alkate-makila. Igor Iturainek Nekane Arrizabalagari eman zion, eta, Arrizabalagak hunkituta hartu zuen eskuartean makila. Iturainek zorionduz pasa zion lekukoa: asko pozten naiz makila zuri emateaz, batez ere historian sartu zarelako, Aiako herriko lehen alkate emakumea zarelako.

Nekanek hunkituta hartu zuen makila eta eskerrak eman nahi izan zizkien beregan konfiantza jarri zutenei, beren erabakiagatik baitaude hor. Guretzat garrantzitsuena Udaleko ateak irekita edukitzea da eta orain arte bezala jarraituko dute, zabalduta, aitortu zuen Arrizabalagak. Orain arte bezala segiko dutela gaineratu zuen: azkeneko kudeaketa ikusi da garrantzitsua izan dela. Guk aurrera jarraitu nahi dugu, gauden bidetik aurrera.

Iturainek azken 12 urtetan izandako kargua utzi du udal hauteskunde hauetan. Erabat aldatuko zaio orain bizitza, baina lasai dagoela aitortu du. Larunbatean, Aiako Udaleko idazkariak, Iturain orain arte eszedentzian egon dela kontatu zuen. Alkatearen ahaleman izan arren eszedentzia ematea, plenora eraman zuen gaia. Orain, bere lanpostura bueltatuko duela gaineratu zuen, nahiz eta berriz ere eszedentzia eskatzeko asmoa duen. Horrez gain, idazkariak Udalaren egoera ekonomikoaren berri eman zuen. Egun milioi bat eta zazpirehun mila euro daude kaxan.

Alkatea adostu zen. Nekane Arrizabalaga da larunbatetik aurrera Aiako alkatea EAJrekin idependente moduan aurkeztuta. Oposizioan EH Bildu dago eta, larunbatean, Eñaut Guruzeaga alderdiko zerrendaburuak hitz batzuk esan nahi izan zituen. Eskerrak eman nahi dizkiegu botoa eta babesa eman digutenei, baita beste aukera batean alde egin dutenei ere, herriarentzat hoberena desio baitute. EH Bilduk ziklo politiko berria aurrera eramateko lan egingo duela gaineratu zuen eta horretarako lau lan hildo izango dituztela nabarmendu zuen. Batetik gure etorkizuna libreki erabakitzeko eskibidearen alde egingo dutela aitortu zuen Guruzeagak. Bigarrenik Udala herritarrena izango dela esan zuen, parte hartze bideak irekiko dituztela. Hirugarren adarra gardentasuna izango dela aldarrikatu zuen. Eta, azkenik, krisiaren ondorioei aurre egiteko lan egingo dutela azaldu zuen, eskubide sozialak beren lehentasuna direla eta herritarren ongizatea erdigunean kokatuko dutela.

Esker hitzez gain, eskertza ekintzak ere izan ziren larunbatean Aiako udaletxean. EAJk azken legealdian zinegotzi izandakoei oroigarri bat ematea erabaki zuen. Aritz Arrutik, esaterako, ez zuen beharrezkoa ikusi EAJren keinua, baina, hala eta guztiz ere, Arrizabalagak emandako plaka guztiek esker onez jaso zuten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!