Sandonatoak eta sanlorentzoak 2015

San Donato eta San Lorentzoetan begia jarrita

Karkara 2015ko uzt. 30a, 10:19

Abuztuaren 6tik 10era izango dira Aiako jaiak, baina datorren asteburuan ekitaldiak egingo dituzte motorrak berotzeko

Abuztua hastearekin batera gerturatzen doaz Aiako San Donato eta San Lorentzo jaiak. Bost egunez festa giroan murgilduko da herria, guztien parte-hartzearekin jai herrikoiez gozatzeko aukera izango dute aiarrek.

Festa programa ofiziala abuztuaren 6an hasten bada ere, datorren asteburuan, abuztuaren 1ean eta 2an, bada zer egin. Motorrak berotzen joateko, Aiako XXIV. Pala Txapelketako finalak izango dira frontoian larunbatean, 16:30ean. Igandean, Bolo Txapelketa egongo da goizez, eta usakume tiraketa egun osoan.

Hiru eguneko etenaldiaren ondoren, abuztuaren 6an, ostegunean, hasiko dira ofizialki jaiak. 19:30ean izango da txupinazoa, eta kalejira egingo dute kaleetan zehar. 21:30ean hasiko da herri afaria. Abuztuaren 7a, ostirala, San Donato eguna da. Mus txapelketa egongo da arratsaldean, garagardo dastaketa iluntzean eta bertso jaialdia gauean, besteak beste.

Umeen eguna egingo dute abuztuaren 8an. Urtero bezala, txirrindulari lasterketa, jolasak, pailazoak, Gorritiren animaliak eta buruhandiak izango dituzte herriko txikienek. Ondoren, iluntzetik goizaldera arte Egan taldeak dantzaldia eskainiko du. Igandean, sardina jana egingo dute goizez, Kale Zirkua egongo da arratsaldez eta gauean Karroza egingo dute herritarrek.

Abuztuaren 10a, igandea, San Lorentzo eguna, izango da festetako azken eguna. Meza nagusiarekin eta pilota partidekin hasiko dute eguna. Edadetuen bazkaria eta herri kirol jaialdia ere izango dira; eta festei amaiera emateko su-ziriak, traka zaratatsua eta erromeria egongo dira.

Desioak sutan Sahararentzat

Aurten, festa programaren barruan, Saharar herriaren aldeko elkartasun ekimena egingo da. Zarautzen bi urtetan egin da Desioak Sutan ekimena eta aurten beste herrietara zabalduko da. Aian abuztuaren 9an, igandean egingo dute.

300 su bola inguru hegan jarriko dituzte Sahararen alde. Su-bolak euro batean eros daitezke eta ateratako dirua Sahararen aldeko elkarteen bitartez errefuxiatuen kanpalekuetara helaraziko dute. 22:00etatik aurrera jaso ahal izango dira su-bolak eta 22:30etik 23:00etara botako dituzte zerura.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!