­­Herriaren esku dago

Aitor Arregi eta Jokin Zumeta 2016ko mar. 21a, 13:38

Aupa, irakurleok, gaur adiskide berriarekin natorkizue, izan ere Balerdi jaunak ezin izan dit sokatira honetan lagundu. Gaur Zumeta jaunarekin partekatuko dut ataltxoa.

Zumeta jaunari soka bere aldera eramaten lagundu nahi diot. Bion esku dago, soka, nahi dugun tokira iristea, zuen kontzientzia edo gogora bada, hobe.

Gure Esku Dago, herri ekimen bat da. Herritar talde batek osatua eta gauzatua. Ez da alderdi edo instituzio bat. Herritar talde honen helburua euskal herritarrok herri bezala izan dezakegun etorkizuna erabakitzeko eskubidea izatea da.

Zer gertatzen zaigu, hortaz, bizi garen herri hauetan, Aian eta Orion? Ezjakintasuna ote? Beldurra? Edo ezjakintasun beldurgarri bat, hots, utzikeria edo nagikeria izan liteke. Ustez, demokrazia batean bizi gara, lasai hitz egin eta lasai adierazi ditzakegu gure ideiak, eta hara non, herritar talde batek herriari zer izan nahi duen galdetzeko aukera eman nahi dionean, herriak bizkar ematen dion.

Gogoan ditut, ez ziren aspaldi izan, Iruña eta Durango arteko giza katea, edota euskal hiriburuetan egin ziren hainbat ekitaldi , oihal josteak tarteko. Zeinen politak eta ze indar erakusketa. Baina gure herrietan, ustez, lan gutxiago eskatzen duten ekimenetan, oihartzuna oso xumea izan da. Gure herrietan, eta ez naiz ari errietan, ez dago, nonbait, herritartasuna edo erabakitzeko eskubideagatik kezkarik. Poztuko nintzateke oker banago, baina oker ez nagoen susmoak ditut. Noiz izan du Euskal Herriak hau baino aukera politagorik? Herriak, herritarrek hala erabakita, erabaki dezake etorkizuna, ozen esan zer izan nahi duen etorkizunean. Beldur naiz ordea, adiskidea, herritar batzuen amets eta lanek herriak bizkar emanda amaitu behar ote duten.­

Kaixo, adiskideok, Arregi jaunak esan digun bezala, gaurkoan neu nator sokari beste aldetik eustera. Esan beharra daukat arkatza eta paperaren herri kirolean ez naizela oso iaioa, baina saiatuko naiz euskaldunek aurten Herbeheretako goma gaineko munduko txapelketan emandako maila ematen. Bejondeizuela!

Nik, Gure Esku Dagoren ekimena gertutik jarraitzen ari naizen heinean, esan beharra daukat gai honen inguruan jendea  hotz antzean sentitzen dudala, bai  Aian, bai Orion. Guk ez ote dugu asmatu jendearengana iristen? Edo jendeak pentsatzen du, zuek egin eta ni joango naiz egunean bozkatzera eta kitto!

Gure Esku Dago gora, Gure Esku Dago behera, zer dago gure eskuetan? San Migel botila batean eta Ducadosa bestean. Ba, pasa dezagun Ducadosa ezpainetara eta libre geratuko zaigun esku hori edozer gauzatan laguntzeko, izan Gure Esku Dago, Herrira, Gaztetxea, Festa Batzordea...baina eduki dezagun esku bat beti prest.

Baina, Aitor, kritika hauek alde batera utzi eta esan beharra daukat baikor nagoela. Apirilean nola Orion ala Aian herri batzarrak egingo dira, herritar guztientzat irekita, eta bertan gu baino adituago den baten ahotik  entzungo dugu herri galdeketen prozesua. Esperantza daukat, bertan garenon energiak batu eta sinergia bat osatuko dugula.

Aurten Goierrin, Debagoienan, Azpeitian, Diman... Hurrengo urtean Usurbil, Ondarru, Bermeo... Eta zergatik Aia eta Orion ez? Ez gara besteak baino gutxiago, ezta?

Ia bada, animatu eskua luzatzera, denon artean ahal dugu eta lortuko dugu. Gu motore diesela gara, arrankatzea kostatzen zaigu, baina behin abiatutakoan inork ez gaitu geratzen, eta inork ez gaitu geratuko!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!