Jake Serex: “Hemen topatu dut lehen aldiz etxea deitu diezaiokedan tokia”

Karkara 2016ko mai. 30a, 14:45

Maite ditu maite gure bazterrak, gastronomia, historia eta jendea. Oporretan sarritan etorri eta gero, eta munduko hainbat txoko ezagutu ondoren, Euskal Herria bere etxea izan daitekeela sentitzen du, eta Aia hautatu du bizileku.

Australiako Coolum Beach herritik Aiara. Lehen instantean, behintzat, kontrakoak dirudite. Australiako herrian, eguzkia noiznahi eta itsasoa nonahi zuen. Aian, berriz, itsasoa kaskotik bertatik ikus dezake Jake Serexek. Hala ere, Euskal Herriko hainbat gauzak maitemindu zuten Serex, eta hona etortzea erabaki zuen.

Nolakoa da zure jaioterria?

Canberran jaio nintzen, Australiako hiriburuan. Hegoaldean dago eta neguan hotz egin dezake. 13 urterekin Coolum Beachera joan ginen, iparraldean dagoen kostako herrira.

Han ere hotz egiten al du?

Eguraldi oso ona egiten du eta hondartza paregabeak dauzkagu. Zarautzen tankerakoa da, kostaldeko surflarien herritxoa baita eta Australiako hainbat tokitatik etortzen baita jendea udan oporretara edo olatuak hartzera.

Australiarren topikoa berresten duzu, beraz, surfarekin lotu ohi baitugu Australia. Zu ere surflaria al zara?

Bodyboarda egiten nuen gazteagoa nintzenean. Baina orain itsasoaz beste era batera gozatzen dut. Nire jaioterrian, etxetik 500 metrora dut itsasoa, beraz, han naizenetan, egunero egiten dut hondartzara bisita.

Baina Euskal Herrira errugbiagatik etorri zinen, ezta?

Bai eta ez. Lehen aldiz 2008an etorri nintzen, espainiar estatuan errugbian jokatzen zela ere ez nekienean, eta euskal taldeek zuten indarraz jabetuta ez nengoenean. Ordutik, urtetik urtera maizago egin izan ditut bisitak. Inguruarekin maitemindu nintzen, naturarekin, gastronomiarekin, historiarekin, edari arriskutsuekin –sagardoa, txakolina eta patxarana– eta, noski, jendearekin. Zarauzko errugbi taldea familiatzat daukat, aurretik aipatutako pastel gozoaren ginga da.

Gustura zaude, beraz, errugbi taldean...

Familia bat gara, eta hori errugbiaren esentziaren parte da. Beso zabalik hartu ninduten, eta lagun taldeko parte sentitu nintzen berehala. Horrek Kataluniako San Boiana herritik nekarkien sentimendu negatiboa aldatu zuen, han kanpotik etorritako taldekideei ez baitzieten harrera ona egiten.

Zorteduna izan naiz Zarautzen. Partida bakarra galdu dugu eta lehen aldiz lehen mailara igotzeko aukerak izan ditugu. Babestuak sentitu gara oso, taldearengatik sentitzen zuten pasioa transmititu digute.

 

 

       "Kultura eta tradizioa dira 

       desberdintasun handienak" 

 

 

 

 

Taldekideekin zein hizkuntzetan hitz egiten duzu?

Entrenamenduetan ingelesa, frantsesa, gaztelania eta euskara hitz egiten da. Gehiena, gaztelaniaz. Baina, partidu batzuetan ingelesez hitz egiten hasi izan naiz, eta jendeak pocker aurpegiarekin begiratu izan dit –barreak–.

Euskara ikasteko aukera izan al duzu?

Oraindik ez. Nire bikotekidea Azkoitikoa da. Ikasteko gogoa daukat, eta berak erakutsi diezadake, baina lehendabizi gaztelania ikasten zentratuko naiz.

Eta Aia, nolatan aukeratu zenuen bizileku?

Gipuzkoara etorri nintzenean, ezagutu daitekeen familiarik ederrenak eman baitzidan ongietorria. Alustiza Autobusak enpresako Gabinoren eta Maiteren laguna egin nintzen 2014ko udan.Zarauzko kanpinean nengoen. Tokiarekiko sentitzen nuen maitasuna azaltzen ari nintzen, eta Bartzelona uzteko asmoa nuela esan nien. Haien etxean tokia izango nuela esan zidaten. Batzuetan pentsatzen dut edukazio onekoak besterik ez zutela izan nahi, baina, tira, azkenean beren bizitzetan australiar bat izaten bukatu dute.

Oso desberdinak al dira Aia eta Coolum Beach?

Komunitatearen kontzeptua berdina da, herri txiki lagunkoiak dira biak. Denok ezagutzen dugu elkar. Baina, hortik aurrera, guztia desberdina da. Australia 1777an aurkitu zuten, eta Aiako etxea 1700. urtekoa da; beraz, kultura eta tradizioak dira desberdintasun handienak.

Desberdintasunak desberdintasun... Aia gustuko al duzu?

Maite dut!

Eta, oro har, Euskal Herria?

Zortzi urtez bidaiatzen ibili naiz, ia kontinente guztietatik, eta hemen, Gipuzkoan, topatu dut lehen aldiz etxea deitu diezaiokedan tokia.

Gustura zaudela begi bistakoa da. Denboraldia amaitzean etxera buelta egingo al duzu?

Australiatik itzuli berri naiz, nire bizitza hemen eraikitzeko ideiarekin. Ez zarete australiar honetaz horren azkar libratuko –barreak–.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!