Andatzako Montekristoa

Asier Bastarrika Gorostiza 2016ko mai. 30a, 15:40

Erraustegiek minbizi tasa nabarmen igotzen duten 10 kilometroko erradioan, –hor gaude– dioxinak sortu eta zabaltzen dituelako

Kiratsa dario Andatzan jarri nahi duten erraustegiari. Tabakoaren kea hain zorrotz mugatzen den garaiotan, etxe ondoan Montekristo erraldoi bat jarri nahi digute plastikoa erretzen, jo eta ke; sikiera tabakoa balitz…

Zaborra erretzea pozoitsua eta garestia delako Europako hondakin politika baztertzen ari den praktika da, baina tira, han baztertzen ari direna, hemen, moderno eta erakargarri gisa saldu nahi digute.   

Erraustegiek minbizi tasa nabarmen igotzen dute 10 kilometroko erradioan, –hor gaude– dioxinak sortu eta zabaltzen dituelako. Dioxinak zuzenean sartzen dira biriketaraino, gainera landaredian eta uretan erortzen dira, elikagai katean pilatuz. Kontuan hartzen badugu Oriak Andatza inguratzen duela, ondorioak atera, nekazaritza, arrantza, turismoa, etxebizitzaren prezioak … gure bizi eremua eta baliabideak larriki pozoindu eta debaluatuko lirateke. Gezurra dirudi gu izatea inoiz izan den belaunaldi ikasiena, eta arbasoek bere ezjakintasunean egin ez zioten kaltea eragitea gure bizitokiari.

Gipuzkoa izugarri zorpetuko luke egitasmo horrek. Horrek guretzat eta belaunaldi berrientzat hipoteka ekonomiko handia suposatuko luke, burujabetza gure eskutik, bankuen eskura. Gu zorpetu, gutxi batzuek diruak Panaman pilatzeko.

Iritzi batekoa ala bestekoa izan denok berdin kaltetuko gaitu, ezker eskuin, pobre zein aberats , horregatik gonbidatzen zaituztet beranduegi izan baino lehen, azalpenak eskatzera arduradun politikoei. Propaganda erauntsia baino, informazio serioa merezi dugulako, errespetua. Futbola eta toreatzaileez hitz egiten dugun artean tartetxo bat bilatu beharko genuke garrantzia duten gaiez ere hitz egiteko, iritziak osatu eta zabaltzeko, eta animatu Donostian, maiatzaren 29an, egiteko den giza katean parte hartzera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!