Elkanok idatzitako dokumentuak topatu dituzte Laurgainen

Karkara 2016ko eka. 27a, 09:00

Juan Sebastian Elkanoren zortzi dokumentu ofizial aurkitu dituzte Aian. Nabigatzaileak munduari bira eman ostean  
Espainiako Gorteetara eskuz idatzitako gutuna da bat.

Aiako Laurgain dorrean egin zen aurkikuntza, martxoan. Galdutzat ematen ziren zortzi dokumentu aurkitu zituzten Aiako dorreko etxe zaharrean, hautsa hartzen zeudenak.

Euskadiko artxibo historikoko kideak dorreko artxiboa garbitzen eta antolatzen ari zirela aurkitu zituzten dokumentuak. Agiriak zortzi dira. Azkenekoz Martin Fernandez de Navarretek hitz egin zuen dokumentu horiez, Vargas Ponce jakintsuak duela 200 urte Getariatik ateratako kopien harira. Ordutik, inork ez zuen dokumentuen berri, Laurgainen topatu zituzten arte.

Munduari bira eman osteko gutuna

Aurkikuntzaren berri Iñigo Urkulluk eman zuen, maiatzaren 24an, Getariako Balentziaga Museoan, Juan Sebastian Elkanori erakusketara egindako bisita batean. Aurkitutako zortzi dokumentuen artean bereziki bat iruditu zaio garrantzitsua Urkulluri, Elkanok munduari bira eman ostean Gorteei emandako erantzuna, hain zuzen.

Gutunean nabigatzaile getariarrak, Magallanes kapitainaren gidaritzapean 1519an egindako bidaian 200 marinel abiatu zirela kontatzen du. Eta, hiru hilabeteren ondoren, 200 horietatik hemezortzik besterik ez zutela lortu etxera itzultzea. Marinel ugariz gain, Magallanes kapitaina ere bidaian hil zela azaltzen du  gutunean.

Aurkikuntzaren handitasuna

Munduaren borobiltasuna aurkitu zutela ere kontatzen du Elkanok gutunean. Mendebaldetik joan zirela eta ekialdetik bueltatu zirela zioen. Nikanor Lertxundik, Elkanok egindako aurkikuntzaren harira eta esandako hitzen gaurkotasuna azpimarratuz, Getariako udalbatzar aretoan dagoen esaldia ekarri nahi izan zuen gogora: Nondik gatozen ikertuz soilik jakin dezakegu non gauden; eta non gauden hausnartuz bakarrik jakingo dugu nora goazen.

Bestalde, euskaldunek Elkanok egindako biran izandako protagonismoa azpimarratu nahi izan zuen Lertxundik . Ontzigintzan, espedizioaren antolakuntzan eta marinelei dagokionean euskaldunek garrantzia handia izan zutela dio Getariako alkateak. Euskaldunok itsasoaren inguruan dugun izaera sortzaile, antolatzaile eta ekintzailea goraipatu nahi izan du Lertxundik.

Aiako Laurgain dorrean aurkitutako agiriak legeztatuak izan dira. Gutun eta dokumentu originalak Getarian jarriko dira erakusgai, Elkanok munduari bira eman zion bostehungarren mendeurrenaren aitzakian egindako erakusketan.

Elkanoren monumentuak planoan gelditu behar

Amestutako Elkanoren monumentua du izena erakusketak. Besteak beste, Elkanok munduari bira eman zioneko 400. urteurrenean antolatutako monumentu lehiaketako bozetoak eta irudiak ikus daitezke.

Miguel Martin Fernandez de la Torrek irabazi zuen lehiaketa eta hark egindako lan teknikoa –planoak eta irudiak– ikus litezke erakusketan. Finantziazio faltagatik proiektua ez zen errealitate egin.

Laurgain familia noblearen dorretxea

Antzinatik nobleak bizi izan dira Aian eta herriaren bilakaeran garrantzia handia izan dute betidanik.

Aiako auzorik handienaren izena hartzen du Laurgainek. Pagoetako zati handi bat ere hartzen du. Interes handiko hainbat eraikin daude auzoan: San Migel parroki-eliza, XVI-XVIII mendeetakoa; Etxetxoko santutxo barrokoa, XVIII. mendekoa; Bizkar baserria, XVIII. mendekoa, Iturraran baserria, XVIII. mendekoa; Agorregiko burdinola eta errotak, XV-XVIII mendeetakoak; eta Laurgaingo jauntxoen dorretxea, XIV-XVIII. mendeetakoa.

Azken honetan aurkitu dituzte galdutzat ematen ziren zortzi dokumentuak.

Laurgaingo dorrearen jabea ez da han bizi. Kanpoan bizi da. Emakume heldua da, Anne Marie  Christophe  du izena eta Ipar Euskal Herrian bizi da, Biarritz inguruan. Tarteka Aiako Laurgain dorrea bisitatzen du, ekaineko lehen asteburuan, esaterako, han izan zen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!