Kexatu edo protestatu

Ion Lertxundi 2016ko abe. 29a, 16:13

Pentsa dezagun kexatzen garen momentu batzuetan, benetan arduraz jokatu nahi ote dugun edo ez.

Antzeko hitzak dirudite eta erabili ere antzeko egiten ditugu, baino lagun batekin hitz egiten ari nintzela, bi hitz horien ezberdintasuna argitu zidan, gaur egunean asko gertatzen denaz hitz egitean.

Eta bai, askotan gertatzen denaz hasiko naiz. Egunero kexatzen gara edozein lekutan: tabernan, lantokiko egongelan kafea hartzen ari garenean, kalean... Eta gaia edozein izanda: politikariei buruz, laneko arduradunen inguruan eta zuzen- dariei buruz, kudeaketa publikoaren inguruan, futbolarien gainean... Baina, horrekin guztiarekin zerbait lortzen al dugu, gure barrenetik hitz jario soltea izateaz aparte? Eta askotan ezertarako balio handirik ez duen ariketa gertatzen da –beno bai, lasaitasunerako, negar pixka bat egin entzule eta kexatzaile daukazun lagunari, zaletasunberberean sartzen delako eta biek hutsaldi bat egiten dutelako–.

Baina ardurazko ariketa egingo bagenu, lantokiko arduradunari gure kezkan eta desadostasunak adieraziz, gure politikoei ere egonezinak helaraziz –udalekoak badira udal batzarretara joanez eta gure kezkak azalduz, bai idazkiak edota manifestazioak eginda ere beste aukerarik uzten ez dutenean–, orduan protestatu egingo genuke. Hori da alegia bi hitzen arteko berdintasun handiena nire ustez. Eta ez dut esan nahi protesta egiten ez denik, kexatzearekin alderatuz oso urruti gelditzen dela baizik.

Eta, aldi berean, ardura daramalako protestak berak, denok, beldurraz edota axolagabekeriaz, edo erosotasunez, errazenera jotzen dugu, kexatu bai baino behar den toki eta momentuan protestarik egin ez.

Beraz, pentsa dezagun kexatzen garen momentu batzuetan, benetan arduraz jokatu nahi ote dugun edo ez, eta besteei bakarrik ardura eman nahi diegun edo gurea ere baden, eta zerbait zuzentze aldera lan egin nahi dugun –agian gure onerako ere izango da–.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!