Garraio publikoa Aian, eztabaidarako gaia

Karkara 2016ko abe. 29a, 16:25

Mugikortasunaren gaia beti izaten da eztabaidagai herri txikietan, eta Aia ez da salbuespena. Zaila dadenen gustuko garraio publiko zerbitzua ematea. Nolakoa da Aia Oriorekin eta Zarautzekin lotzen duen autobus zerbitzua?

Mugikortasunaren kudeaketak buruhausteak ematen ditu herri txikietan. Arazo nagusiena, askotan, herriaren ezaugarrietara egokitutako garraio publiko falta izaten da.

Horri irtenbidea emateko Landabus zerbitzua sortu zuten 2008an Aiako Udalak eta Foru Aldundiak. Eskari bidezko zerbitzua eta finkoa eskaintzen zituen proiektu pilotoa namaitzean, Aia, Orio eta Zarautz artean autobus zerbitzu iraunkorra jarri zen martxan. Hori da gaur egun dagoena.

Gaur egungo zerbitzua

Aiako autobus zerbitzuak Oriorekin eta Zarautzekin lotzen du herria eta Lurraldebus da hori kudeatzen duena. Autobus bat ibiltzen da, egunero, hiru herrien artean eta Aiako hirigunetik ez ezik, auzo nagusietatik ere pasatzen da zerbitzua.

Astelehenetik ostiralera egunean hamar autobus irteten dira Zarauztik Aiara, eta horietatik zortzi Oriora jaisten dira gero. Oriotik Aiara zazpi autobus joaten dira egunean, eta Aiatik Zarautza bederatzi. Lehen autobusa 6:15ean irteten da Zarauztik, 6:35ean pasatzen da Aiatik eta 6:55ean iristen da Oriora. Azkena, 20:05ean irteten da Zarauztik. Oriotik, 7:00etan irteten da lehen autobusa eta 20 minutu pasatzen ditu Aiara iristeko; Zarautza, 7:45ean iristen da. Oriotik azken zerbitzua 21:00ean irteten da.

Asteburuetan zerbitzu kopurua jaitsi egiten da. Zarautz-Aia-Orio eta Orio-Aia-Zarautz ibilbidea egiten duten zazpina zerbitzu daude larunbatetan. Lehenengoa 7:55ean irteten da Zarauztik eta 8:50ean Oriotik, eta 8:15ean eta 9:10ean pasatzen dira Aiatik, hurrenez hurren. Azken zerbitzuak 22:15ean –Oriora– eta 23:10ean –Zarautza– pasatzen dira Aiatik.

Igandeetan, berriz, bost dira pasatzen diren autobusak ibilbide bakoitzean. 9:30ean eta 10:25ean pasatzen dira lehen autobusak Aiatik; Zarauztik eta Oriotik datozenak dira, hurrenez hurren. Azken zerbitzuak hauek dira: 20:15ean Oriora eta 21:10ean Aiara.

                                   

Herritar talde baten eskaria

Herritar talde baten ustez, urteak dira Aian arazoak daudela garraio publikoarekin. Egunean zerbitzu gutxi egiten direla eta ibilbidea desegokia dela esaten du talde horrek.

Beren ustetan, zerbitzu horren desegokitasunak mugitzeko beste aukera batzuk bilatzera bultzatzen ditu herritarrak. Horrela, auto eta moto gehiago daude etxe bakoitzean eta horrek gastu handia dakarrela diote.

Taldeak dioenez, hainbat kasutan Zarauzko bidea hartzeak ez du zentzu handirik, erabiltzaile gutxi dituelako. Izan ere, Aiako biztanleria gehiena kaskoan eta Andatza eta Santio auzoetan bizi da.

Salbuespenak salbuespen, autobusaren bidea Andatzatik izatea proposatzen du herritar talde horrek. Horrez gain, geldialdia Orioko tren geltokian izatea ere proposatzen dute. Horrela, erabiltzaileek trena hartzeko aukera izango lukete beste nonbait joateko.

Eskola garaian, Orio-Aia-Zarautz eta Zarautz-Aia-Orio zerbitzuak mantentzea ere proposatzen dute, Orion eta Zarautzen ikasten duten aiarrek erabiltzeko. Azkenik, autobus gehiago pasatzea, hau da, maiztasun handiagoa eskatzen dute.

Udalaren lanketa

Herritarren proposamenak jaso eta urtean zehar hainbat eskaera landu ditu Aiako Udalak. Eskariak aztertu eta irailean aldaketak martxan jarri zituzten.

Goizeko zerbitzua moldatu zuten batetik. Zarautza batxilergora joaten diren ikasleentzako ordutegia moldatzeaz gain, lanera joaten direnentzako ere zerbitzua jarri zen 8:05ean.

Bestalde, Zarautza jaisten diren autobusak beste garraioen ordutegiekin bat egiten saiatu direla esan du Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak, Gasteizera edo Bilbora doazenek ez dezaten denbora asko itxaron.

Eguneko lehen zerbitzuaren ordutegia ere aldatu zuten, trenaren ordutegiarekin bat egiteko, garraio aldaketa egin behar dutenentzat. Lehen oso goiz irteten zen autobusa, eta erdi hutsik joaten zen, dio Arrizabalagak.

Aia-Orio zerbitzua bakarrik ematea proposatzen zuten eskaerak ere baziren, baina gaia Lurraldebusekin landu ondoren atzera botatzea erabaki zutela dio Arrizabalagak. Mugikortasun aldetik, Aiak puntu desberdinetara lotua egon behar duela uste dugu, eta lerro bat suntsitzea ez dugu bideragarria ikusten. Zarautzen ikasten dutenek, adibidez, garraio aldaketa egin beharko lukete zuzenean joan ordez.

Alkateak dioenez, lanketa egin zen iraila aurretik, proposamen dezenteri egin zitzaien kasu, lurraldebusekin harremanetan jarri ginen, eta aurrera eraman ez ziren eskariei erantzuna eman zitzaien.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!