BASKER: Berriketa atsegina, bi suediarrek Aian filmaturiko dokumentalaz

Karkara 2017ko ots. 24a, 17:44

60.hamarkadan egindako filmean agertzen diren herritarrekin bildu gara, dokumentala elkarrekin ikusi eta kontu zaharrak gogora ekartzeko.

Otsaila hasieran izan genuen zita, astearte euritsu batez. Hotza zegoen giroa, grisa zerua eta arriskutsu xamar Oriotik Aiarako bidea. Zain genituen Kultur Etxean Silvestre eta Isaac Arruti anaiak, M. Rosario Manterola eta Valentin Aldalur.

Gustura ikusi genuen elkarrekin Lennart Olson eta Daniel Grenholm-ek egindako dokumentala. Gero, ohitura zaharrak gora, gaur egungo aldrebeskeriak behera, azkar ahitu zitzaigun arratsaldea apustu hots eta trikiti soinu artean.

Gaur banatu dugun 381.alean, egun hartan hitz egindakoak bildu ditugu luze eta zabal, bost orriko erreportajean.

60.hamarkadako kontuak paperean eskaintzeaz gain, kristalezko potetan hondar garbia gordetzen dutenek bezala, elkarrizketatuen hizkera ere jaso nahi izan dugu zuentzat. Euskara ederra dute Silvestre, Isaac, M. Rosario eta Valentinek, gozoa eta behar denean, zorrotz ebakitzen duena.

Eman play bideoari, eta entzun, entzun!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!