Basker: Aiako irudi ederrak, bi suediarrek egindako filmean.

IƱigo Gaiton 2017ko mar. 2a, 12:21

Isaac eta Silvestre Arruti anaiekin –Aia, 1938 eta 1948–, Valentin Aldalurrekin –Aia, 1954–  eta M.Rosario Manterolarekin –Aia, 1950– bildu gara Aiako Kultur Etxean, dokumentala elkarrekin ikusi eta garai zaharretako kontuak gogora ekartzeko.

Argibel Euba etnologoak ustekabean topatu zituen Basker eta Bondei i Baskerland dokumentalak. Irudien balioaz jabetuta,  EHUko Mikel Laboa katedraren bidez, ikerketa eta identifikazio lan sakonak egiten jardun zuen. Emaitza iaz argitaratu zen,  eta DVD - liburu formatuan eskura daiteke.

Dokumentaleko irudiak Daniel Grenholm eta Lennart Olson suediarrek grabatu zituzten, bertako SVT telebistarako, 1963.urtean. Silvestrek gogoan du egun hartan jendea argazkiak eta holakoak egiten jardun zela, baina zehazki, lauretako inor ez da akordatzen bi atzerritarren presentziaz. Isaac idiak tiratzen duen harriari bultzaka ikusten da bideoan bere anaiekin batera, eta Valentin publikoan, bost urte inguruko mutil koskorra zela. Silvestre ez da ageri, baina han zen seguru, halako egunak oso bereziak baitziren guretzat. M.Rosariok, ordea, ez zuen bertaratzeko aukerarik izan. Gu, garai hartan, ez tabernara, ez apustuetara... ezer ere ez! Horrelako kontuak gizonentzat ziren, batik bat. Emakumeak erromerietara joaten ziren, joatekotan.  Eta horra, solterak bakarrik e, ezkondutakoak, etxean! Barre egin dute laurek.

Hasi orduko, traza polita hartu du hizketaldiak. Hizlari finak dira denak, eta zorrotz bezain gozo ekartzen dituzte gogora kontu zaharrak. Isaac-en arabera, apustu hartako idia nahikoa txikia zen, 800 kilo ingurukoa, eta hori kontuan hartuz, nahikoa erraz mugitu zuten harria. 2300 kilo izango zituen, eta dezente heltzen zion lurrari... Dema bezperan, plaza garbitzen zuten kuadrillek, lehian tranparik egon ez zedin. Valentinen aita zenak, herriko aguazila orduan, gaupasa dezente egiten zituen apustu lekua zaintzen. Gu aldamenean jolasean genbiltzala, baloia hara bota nahigabe, eta errieta galantak jasotzen genituen. Plaza sokarekin ixten zuten, inor sar ez zedin. Lurra egoera onean egoteak garrantzia handia zeukan.

Festa egunetarako arropa berezia janzten zuten galdetuta, ez dute baiezko argirik eman. Zer edo zer aldatu bai, baina gutxi. Gainera, guretzat kalterako izaten zen kuriosoago janztearena, gauerako zerri egiten baikinen... Etxekoek belarriak berotzen zizkieten iluntzean. Orduan, hoztu ere ez gu, mutil koxkorrak izan ... Jo batera eta jo bestera, hura bai sasoia!

10-12 urte bete arte galtza motzekin ibiliak dira hirurak, eta M. Rosario, gonarekin. Gogoan ditu pantorrillen atzealdeko urratuak. Zauriak ostra egiten zitzaizkidan, itxura itsusia zuten benetan. Festarako pixka bat txukundu nahi,  eta espartzuarekin igurzten nituen ... odola atera, garbitu eta aurrera.

San Anton eta San Asentzio egunek, udako jaiek baino garrantzia handiagoa zuten orduan. Isaacek eta Silvestrek gogoan dute Oriotik nola igotzen zen Zakilla euren baserriraino, buruan bisiguz beteriko otarra zuela. Bazekien gurean San Antonetan gustuko genuela, eta bost edo sei pieza erosten genizkion bezperan. Oroitzen dut nola egoten ziren bisiguak eskegita, txorizoak zintzilikatzeko leku berean. Begitik sartu gantxoa eta hantxe, hurrengo egunean jateko listo. Getariatik ere igotzen zen emakume bat Aiako kaskora, etxez etxe arraina saltzera.

Futbolean, Guardia Zibila eta apaizarekin

Dokumentalera itzuliz, ahari, idi eta aiarren artean Guardia Zibila ere ageri da. Orokorrean harreman ona genuen berekin, tartean aluren bat ere tokatzen zen arren... Elkarrekin ere aritzen ziren jolasean. Jesus, motel, futbolean jokatzera apaiza ere juntatzen zitzaigun aldika. Bazen Treviño delako Guardia Zibil bat, gero ETA-k akabatu zuena. Hura dezente jarduten zen gurekin, tarteka ostiko ederrak jasotzen zituen arren... Beren seme-alabekin ere nahikoa harreman ona zuten eskolan, beti erreparo pixkarekin tratatzen zituzten arren.

Eskola garaiko kontuez galdetuta, leihotik bota nahi izan zuten maisuaren istorioak bete-betean harrapatu gaitu. Silvestreri begiak piztu zaizkio kontaketan. Atzo gertatua dirudi anekdotak. Maisu bat bagenuen, Don Fernando. Zeharo alua. Gure artean hasi ginen hizketan, nolabait, merezitakoa eman behar geniola hari... Ikaskideon artean plana egin genuen, maisua bere onetik atera eta sutan jartzeko. Horrela, haserretu eta kristorenak eta bi botako zizkigula aprobetxatuz, bageneukan aitzakia zarpatik heldu eta lurretik bizpahiru metrora zegoen leihotik behera botatzeko ... Ordea, azeria bera, buruan okerren bat genuela antzeman eta ez zen aulkitik mugitu ere egin ...

Hamabi urterekin utzi zuen eskola Silvestrek; gauzak nola diren, leihotik salto eginda. Irakasleak sei lagun zigortu gintuen batean, ospa egin genuen denok batera. Ordurako, ikasteko gogoa ere tamainan, eta ez nintzen gehiago itzuli. Ordu gutxiago eman zituen eskolan M. Rosariok, 9 urterekin hasi eta 12 egin bitartean. Erditan ezin izaten zuen joan. Doktrina izan ezik, dena gazteleraz irakasten ziguten. Euskaraz egiteak, pezeta bateko multa zekarren atzetik!

Gaseosa boteila eta karameluak

Eskola kontuetatik buelta hartu, eta ospakizunetara itzuli gara berriz, tertulian esaera zahar xelebre bat agertu denean: Eskerrak asentziyoi, bestela Aya kakak jan... Nonbait, festa egun hura herriko etxeak margotu, konpondu eta txukuntzeko baliatzen zela dio Valentinek. Herritik kanpora joandako lagun eta ahaideak Aiara itzultzen ziren ospakizunaren aitzakian, eta herriko bazterrak atontzeko aprobetxatzen genuen. Bazkaldu eta gero, erromeria. Aurretik ere bai, meza ondoren, hamaiketako garaian. Dokumentalean agertzen diren trikitilariek, Egañazpik eta Sakabik, pieza asko zekizkiten. Haiek bai artistak!

Ume garaian, patrikak urratu xamarrak izaten zituzten, eta lauzpabost lagunen artean erosten zuten gaseosa botila festa egunetan. Gauza ederra hura. Eta karamelu batzuk ere bai. Dantza, kantu eta algarak bukatuta, goiz etxeratzen ziren iluntzean, utziz gero, neskaren bati etxera lagunduz, dio Silvestrek. Isaaci irribarre bihurria atera zaio, orduan ere ligatze kontutan batzuk besteak baino destakatuagoak zirela gogoratuz. Belarrondokoak ere izaten omen ziren, tarteka.

Urteko egun seinalatuak, era-erako aukerak ziren neska-mutilen artean harremantzeko, egunerokoan, bakoitza bere zereginetan sartuta, elkar topatzeko aukera gutxi izaten baitzuten. Hor dute jatorria, nonbait, auzo ezkontzek; baserri batetik besterako gertutasunak, denbora gehiago eskaintzen zien elkarrekin egoteko. Lanetik atera eta ttak, bikotea inguruko baserriren batean bizi bazen, hari bisita txikia egiteko aukera izaten zen horrela.

Ditxosozko joan beharra

Orokorrean, pertsonen arteko harremanak sanoagoak ote ziren galdetu diegu laurei, berriketako azken hari mutur gisa. Bat-batean, leihoko zirrikituren batetik malenkonia korronte txiki bat sartu bailitzan, aiarren aurpegiak bete egin dira. Orduan, gaurko aldean, inbidia gutxi genion elkarri. Apustu eta erronkak izaten ziren, baina edozeini laguntzeko prest egoten ginen beti. Gaur egungo presak, eta joan beharrak. Lasai egoten ginen elkarri kontuak esanez. Orain korrika bizi gara, mundu osoak du norabait alde egiteko premia!

Valentinek gogoan ditu mahaian, bazkari edo afaritan, izaten zituzten tertuliak. Isaac-ek ere bai, beren kasuan, amarekin gehiago. Aita goiz oheratzen zen. Amak gustuko zuen gurekin berriketan jardutea. Altuegi hitz egiten bagenuen, edo builaren bat bazen, aitak berehala jotzen zuen hankarekin logelako lurra, guk behetik entzun genezan.

Ohe berean, hiru edo lau umek egiten zuten lo batera. Elkarrekin zertara jolasten zuten galdetuta, borroka txikiak eta halakoak egitera bai... baina normalean, jostaketarako denbora gutxi izaten zutela diote. Ez zen lanik falta baserrietan. Hurrengo egunean amak azokara joateko asmoa bazuen, bertan saltzeko jenero onenak sailkatzen ematen genuen bezpera: intxaurrik onenak aukeratu, babarrunak ere bai ... Beti genuen zereginen bat.

Garai zaharrak eta kontu berriak. Hobera aldatu diren gauzak, eta gazteei behar bezala irakatsi ez zaizkienak. Konturatzerako ahitu zaigu arratsaldea. Berriketa amaitzeko garaia da, Isaac frontoi izkinan geratu baita zortzietan, sagardotegira joateko. Pelotan apustua galduta gaudek eta ...

Irudien kalitate bikaina deigarri

Argibel Eubak, dokumentaleko irudiek eta soinuak duten trataera bikaina azpimarratzen du liburuan. Filmaketak Lennart Olson-ek egin zituen, ArriFlex kamera batekin, 16mm-ko pelikula txuri-beltza erabiliz. Daniel Grenholm-ek ere lan oso fina egin zuen audioarekin, soinua Kudelski markako magnetofonoarekin kanal bakarrean hartuz. Kalitate goreneko erreminta hauez gain, etxe barneko grabaketetarako bi foku ere erabili zituzten.

Irudien muntaiaz Olson arduratu zen, eta dotore nahastu zituen jende, leku eta gertakizun ezberdinak, gaiaren arabera. Nabaria da suediarrak Euskal Herriko kultura modu anitz eta koherentean erakusteko egindako ahalegina. Gidoi nagusia Grenholm-ek idatzi zuen, eta dokumentalean zehar bere ahotsa ere entzuten da, filmeko hainbat gertaeren inguruko azalpenak ematen.

Eubaren hitzetan, suediarrek gogotik egin zuten lan Aiako filmaketetan, apustu eguneko protagonistak grabatzeaz gain, inguruko ikusle eta giroa dokumentatzen ere arreta handia jarri baitzuten. Etnologoaren arabera, horri esker, izugarria da irudiok duten balio antropologikoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!