Txori kantuak ezagutzeko ibilaldia egingo dute larunbatean, Pagoetan

Karkara 2017ko mar. 28a, 10:53
Pagoeta Natur Parkean barrena egingo dute txori kantuak entzuteko ibilaldia

Ibilaldia adin guztietako herritarrei zuzendua izango da, “zailtasunik gabekoa” dela azaldu baitute Iturraran Parketxetik.

Txori kantuak ezagutzeko ibilaldiak egingo dituzte apirilean Gipuzkoako natur parkeetan, eta lehen saioa larunbatean izango da Pagoeta Natur Parkean. 10:00etan abiatuko dute ibilaldia Iturraran Parketxetik, eta Mikel Olano adituak gidatuko du txangoa.


Ibilaldia adin guztietako herritarrei zuzendua izango da, “zailtasunik gabekoa” dela azaldu baitute Iturraran Parketxetik. Parte hartu nahi dutenek 943-83 53 89 telefono zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzita eman dezakete izena. Irteerak bost euro balio du.

Mikel Olano: “Inguruan ditugun soinuei kasurik egin gabe ibiltzen gara mendian”

MIKEL OLANO -Basozaina

Mikel Olano basozainak gidatuko du txori kantuak ezagutzeko ibilaldia Pagoeta Natur Parkean barrena.
Zer egingo duzue ibilaldian zehar?
Txoriak eta naturako beste hainbat elementu ikusmenaren bidez identifikatzen ditugu normalean. Guk uste dugu entzumenaren bidez ere nabarmendu daitezkeela, batez ere hegaztiak. Izan ere, txori espezieak identifikatzeko orduan, entzumena ikusmena baino askoz ere eraginkorragoa da, hegazti bakoitzak kantu bereizgarria duelako. Zuhaitz artean gordetan badaude ere, hegazti horiek entzun ditzakegu. Horregatik, txorien kantuetan arreta jarrita, jakin dezakegu zein hegazti ditugun inguruan.
Zein da saioaren helburua?
Herritarrek esperimentatu eta natura interpretatu dezaten nahi dugu. Askotan inguruan ditugun soinuei kasurik egin gabe ibiltzen gara mendian barrena, eta hots horiek informazio asko ematen digute. Parte hartzaileek kantu eta soinu horiek entzutea lortu nahi dugu.
Txorien inguruan zerbait jakin behar al da saio honetan parte hartzeko?
Denbora tarte on bat pasatzea du helburu ibilaldiak, eta horretarako ez dago hegaztiez ezer jakin beharrik. Txori kantuak entzuteko interesa soilik izan behar da. Kanturen bat entzuten dugunean, nik esango diet parte hartzaileei zein txorirena den.
Txori kantu horiek herriguneetan ere entzun al daitezke?
Edozein lekutan entzun daitezke txori kantuak, baina habitat bakoitzean hegazti jakin batzuk bizi dira. Basora joaten bagara, bertako txoriak entzungo ditugu, eta landa eremuan eta herriguneetan, berriz, beste batzuk aurkituko ditugu.
Saioa lehenago ere egin izan duzu. Zer moduzko harrera izan ohi herritarren artean?
Aurreko urteetan ere antolatu izan dugu txori kantuen inguruko ibilaldia Pagoetan, eta apirilean beste hainbat natur parkeetan ere egingo dugu irteera. Oso erantzun ona izan ohi du herritarren artean, egia esan, eta gustura gaude.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!