Aia
karkara.eus

Josu Lizaso: «Animalia bitxiek ikusmina sortzen dute Asentzio Azokan»

  gizartea  Aia

Asentzio Azoka egingo dute igandean, Aiako herrigunean.

Josu Lizaso: «Animalia bitxiek ikusmina sortzen dute Asentzio Azokan»
Josu Lizasok animalia bitxiak eramaten ditu Asentzio Azokara | Ikusi handiago | Argazki originala

Asentzio Azoka egingo dute igandean, Aian, 10:00etatik 14:00­etara. Alde batetik, barazkiak, fruta, gazta,eztia, ogia, gozoak, loreak eta baserriko beste hainbat produktu salduko dituzte. Bestetik, abere, ardi, hegazti eta animalia bitxien erakusketa ere izango da. Horrez gain, baserriko lanabesak salduko dituzte, eta artisautza postuak ere izango dira.
Arratsaldean, 17:30etik aurrera, Gipuzkoako 2. mailako aizkora kanporaketa jokatuko da frontoian. Guztira, 11 parte hartzaile ariko dira lehian, eta 54 ontzako bi enborrekin eta 60 ontzako bi enborrekin egin beharko dute lan. Ondoren, erromeria izango da plazan Elustondo anai-arrebekin.

Indate Berri baserriko Josu Lizasok urteak daramatza Asentzio Azokara animalia bitxiak eramaten. Animalia bitxiez aritu da Lizaso.

Lizaso: «Animalia bitxiek ikusmina sortzen dute Asentzio Azokan»

JOSU LIZASO -Indate Berri Baserria

Zein animalia bitxi eramango dituzu Asentzio Azokara?
Animalia arraza asko ditut, baina ez ditut denak eramaten azoketara, batzuk batetik bestera mugitzea zaila baita. Igandean, esaterako, bufaloak, Eskoziako behia, lau ardi arraza, lau adarreko aharia eta ahuntz txikiak eramango ditut, besteak beste. 14 oilo arraza ere baditut, eta horietako batzuk ere eramango ditut. Normalean, bakoitzari karteltxoa jartzen diot ondoan zein animalia den eta zein berezitasun dituen azaltzeko.


Nola sortu zitzaizun animalia bitxiekiko zaletasuna?
Txikitatik gustatu izan zaizkit animaliak. Landetxea jarri genuen, eta aitzakia horrekin animalia bitxiak ekartzen hasi nintzen.


Nondik ekartzen dituzu animalia horiek?
Ez naiz animalia bitxiak dituen bakarra eta denborarekin animalia bitxiak dituzten beste hainbat lagun ezagutzen joan naiz.


Animalia bitxiak Asentzio Azokara eramateaz gain, beste azoketara eramaten al dituzu?
Bai, Donostiako santomasetara ere eramaten ditut. Ikusmina sortzen dute herritarren artean, baina bada animaliak kaiolan ikustea gustatzen ez zaionik ere. Animalien aldeko mugimendutik kritikak jasotzen ditugu, baina argi utzi nahi dut animaliek goiz hori pasatzen dutela kaiolan, gainontzeko denboran zelaian egoten direla. Ondo zainduta egoten dira, baserritarrok asko maite baititugu animaliak.


Zainketa berezia behar al dute?
Animaliei jaten eman behar zaie, garbitu, eta ondo jaten duten edo portaera aldaketarik ote duten jakiteko jarraipena egin behar zaie. Lana eskatzen du.

2017/05/21 Egun osoan zehar

Aiako herrigunean Aia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa