Ainhoa Aizpurua foru diputatua Aiako alkatearekin bildu da Aian

Karkara 2017ko mai. 24a, 16:27
Ainhoa Aizpurua foru diputatua eta Aiako alkate Nekane Arrizabalaga Kooperatiba berriaren inguruan. (G.F.A.)

Herri txikietako zerbitzuak hobetzeko Landagipuzkoa+ ekimena izan zuten atzo hizpide.

Ekonomia Sustapen, Landa ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpurua eta Lurralde Orekako foru zuzendari Iñaki Labaka Aian izan ziren atzo, eta Aiako alkate Nekane Arrizabalagarekin bildu ziren. Bisitan, Lurralde Oreka sailak diruz lagundu dituen proiektuak bertatik bertara ezagutu zituzten: Kooperatibaren eraikin berrirako 20.000 euro bideratu zituzten eta Aiako baserri bideak konpontzeko 28.500 euro.

Bestetik, Landagipuzkoa+ plangintzaren inguruan hitz egin zuten bileran. Herrietan desafio garrantzitsua da ekonomia aktibitatea garatzea eta horretarako herri bakoitza bere lehentasunak lantzen ari da. Proiektu horiek garatzeko babesa eman eta ekarpena egingo dugu - adierazi zuen Aizpuruak. Ildo horretan, elkarlanean zuntz zabal ultra azkarra zabaltzeko asmoa ere azaldu zuten bi erakundeek.

Landagipuzkoa+ programak Gipuzkoako 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan zerbitzuak eta aukerak garatzea du helburu; baita, tokian tokiko ekonomia eta lanpostu berriak bultzatzea. Herri txikiek garrantzi berezia dute gure lurraldean. Hizkuntza, kultura, natura, lurralde orekaren ikuspegitik balio nabarmenak dituzte. Ekonomiaren arloan ere, paper esanguratsua dute, batez ere landa ingurunea eta lehen sektoreari lotuta. Errealitate hori bultzatu eta indartu egin behar da, - nabarmendu zuen Ainhoa Aizpuruak Aian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!