Arzadunek eta Sarasuak idi dema apustua jokatuko dute ekainaren 17an, Aian

Karkara 2017ko mai. 25a, 15:16
Ekainaren 17an idi dema apustua egitea adostu dute Arzadunek eta Sarasuak. (Hitza)

Aiako probalekuko 1.750 kiloko harriarekin jokatuko dute norgehiagoka.

Eusebio Arzadun Irazusta aiarrak eta Ramon Sarasua Otxandorena lezoarrak idi dema apustua jokatuko dute ekainaren 17an, Aiako probalekuan. Bi idi jabeek 3.000 euro izango dituzte jokoan norgehiagokan.

Arzadunek eta Sarasuak hainbat baldintza zehaztu dituzte idi dema apusturako. Alde batetik, Aiako probatokiko 1.750 kiloko harriarekin jokatuko dute proba; ekainaren 17an, larunbatarekin, 22:00etan hasiko da hitzordua.

Idi pareak egunean bertan pisatuko dituzte, 10:00etan. Idi pareren batek 1.100 kilo baino gehiago pisatzen baditu, kiloko kilo eta erdiko gainzama eraman beharko du.

Bestetik, itzainen lana ere zehaztu dute. Iñaki Urrutia, Asier Alegria eta Ramon Ikertza itzainak apustutik kanpo utziko dituzte, eta idi jabe bakoitzak bi itzain libre eraman ahalko ditu. Itzainek arropa aldatzen duten bitartean eta harriaren ondora joaten direnean epailea izan beharko dute ondoan. Proba Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko du.

Horrez gain, plaza garbitzeko hondarra idi jabeek eraman beharko dute; plazaren garbiketa ekainaren 17an egingo dute 19:00etan hasita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!