Agirreurreta: “Aiako baserrietan ehizerako zaletasun handia izan da beti”

Karkara 2017ko mai. 31a, 10:04
Gorka Agirreurreta, Uhartemuño elkarteko kidea

Igandean Andatzako usakume tiroa txapelketa jokatuko dute. Uhartemuño auzo elkarteak antolatzen du ehiza saioa, eta Gipuzkoako zirkuiturako proba puntuagarria izango da.

GORKA AGIRREURRETA - Uhartemuño elkarteko kidea

Iganderako hitzordua antolatu duzue Uhartemuño elkartetik?
Igandekoa usakume tiroa antolatzen dugun bosgarren urtea izango da. Egia esan behar bada, jende dezente etortzen da hitzordura, eta gustura gaude izaten duen harrerarekin. Andatzako jardunaldia Gipuzkoako zirkuituko proba puntuagarria izango da.


Nolatan bururatu zitzaizuen usakume tiroa antolatzea?
Aiako baserrietan ehizerako zaletasun handia izan da beti. Uhartemuño elkartean federatutako hainbat ehiztari ditugu, eta hasieran haien ideia izan zen auzoan mota horretako proba bat antolatzea. Behin egin genuen, eta ondo atera zela ikusita,  urtero antolatu dugu.


Uhartemuñoko kideentzat antolaketa lan handia eskatzen al du?
08:00 aldean aldamioak muntatzen ditugu, eta sariak ere guk lotzen ditugu; lehen 30 sailkatuek izaten dute saria. Txapeldunak 500 euro eta garaikurra irabazten ditu, eta gainontzekoentzat inguruko dendek, txakolindegiek eta enpresek emandako opariekin saskiak osatzen ditugu.
Uhartemuño elkartetik urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen ditugu, eta gehienek auzoan giroa jartzea izaten dute helburu; San Pedro jaiak, Auzo Eguna eta barrikotea esaterako. Usakume tiroak, ordea, Gipuzkoa osoko ehiztariak biltzen ditu. Lehen Aiako Igoera ere antolatzen genuen, baina lan handia eskatzen zuen, eta elkarteko jendea nekatu egin zen; horregatik. orain antolatzaileei lagundu egiten diegu, baina orain Lagun Artea Eskuderia eta Arkaitz Iruretagoiena auzotarra arduratzen dira Aiako Auto Igoera antolatzeaz.


Nola izango da igandeko jardunaldia?
Andatzako zelaian egiten da, eta ehiztari federatuek bakarrik parte hartu dezakete. 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00tara izaten da proba. Ehiztariak nahi dutenean etorri daitezke. Ehiza ezagutzen duten elkarteko kideek diotenez ehiztaririk onenak azken unean etortzen dira.


Jende askok parte hartzea espero al duzue?
Bai. Pasa den asteburuan Hondarribian jokatu zen jardunaldia, eta bertan kartela jarri genuen Andatzako saioaren berri emanez. Ehiztari dezente biltzea espero dugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!