Foru Aldundiak Bizikidetza Lantzen programaren berri eman die herri txikietako alkateei

Karkara 2017ko eka. 2a, 16:10
Aiako alkate Nekane Arrrizabalaga Ekarbizitza Lantzen programako bileran. (G.F.A.)

Bizikidetzako foru zuzendari Maribel Vaquero eta Lurralde Orekako foru zuzendari Iñaki Labaka herri txikietako udal ordezkariekin bildu dira. Bertan izan da Aiako alkate Nekane Arrizabalaga ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Bizikidetza Lantzen programa lurraldeko herri txikietan ezagutarazteko dinamika jarri du martxan. Testuinguru horretan, aldundiko ordezkariak Azpeitian izan ziren asteazkenean, Urola eskualdeko udalerri txikietako ordezkariei egitasmoaren berri ematen. Bizikidetzako foru zuzendari Maribel Vaquero eta Lurralde Orekako Iñaki Labaka Beizamako, Errezilgo, Aiako eta Aizarnazabalgo udalekin batzartu ziren.

Bizikidetza Lantzen programak bi ildo ditu: batetik, aldundiak berak ekintza zehatzak garatzeko eskaintza egiten du, jarduera zehatzik garatzea aurreikusten ez duten udalerriei zuzenduta; eta bestetik, diru laguntza deialdiak egiten dira urtero, tokian tokiko bizikidetza esparruko dinamikak finantzatzeko.

Egitasmoaren nondik norakoak azaltzeaz gain, aldundiak eskaintzen dituen bizikidetza arloko mikroekintzen katalogoa ere aurkeztu zieten aldundiko ordezkariek udaletakoei, eta proiektuan parte hartzeko deia egin zieten. “Bizikidetza lantzea, herri honetan gertatu denaz hitz egitea eta partekatzea da gure belaunaldiak bizi izan duena ez errepikatzeko bermerik onena”, ohartarazi zuen Vaquerok, esparru horiek lantzearen garrantzia nabarmenduz.

Udalekin “aliantza”

Proiektuaren helburua bakea, bizikidetza eta giza eskubideen arloko udal politiken sustapena da, eta, horretarako, aldundiak udalerriekin “aliantza” bilatzen du. “Udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak eta, horregatik, eremu oso egokiak dira bizikidetza bezalako gaiak jorratzeko. Beraiekin lankidetzan aritzea ezinbestekoa dugu”, azaldu zuen Vaquerok. Bizikidetza Lantzen programak 290.000 euroko aurrekontua du eta, aipatu bezala, aldundiaren eta udalerrien arteko bi harreman mota zehazten ditu, herri bakoitzak egokiena deritzona aukeratzeko.

Edukiari dagokionez, “lehentasunezko” sei lan ildo identifikatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak: udalbatzan ordezkaritza duten kolore politiko ezberdinen artean elkarrizketa eta akordioa sustatzea; bizikidetza pluraleko foro eta esperientziak bultzatzea; giza eskubideen esparruan heziketa xede duten ekimenak sustatzea; udaletxetatik biktimei eskaintzen zaien laguntza indartzea; memoria politikak garatzea udal esparruan; eta presoen bergizarteratze prozesuei ekarpenak egitea. Horien inguruan antolatzen dira egun arte abian jarri diren dinamikak eta hemendik aurrera ere martxan jarriko direnak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!