Andoni Iruretagoiena: “Burua izan behar da indartsu lehiaketan”

Karkara 2017ko eka. 14a, 15:00
'El Conquis del Caribe' telebista saioa irabazi du Andoni Iruretagoiena aiarrak. (Aiora Larrañaga)

Andoni Iruretagoiena ‘Izeta’ ezaguna egin da Euskal Herrian, ETB 2 kateko ‘El Conquis del Caribe’ lehiaketa irabazteagatik. Finalean ezustekoa eman zuen aiarrak, aurkariak banan-banan gaindituta.

El conquis del Caribe telebista saioko abentura bizi ondoren, Andoni Iruretagoiena Izeta bere eguneroko bizimodura itzuli da. Izeta sagardotegian topatu du kazetariak gazteak, eta ohikoa duen hitz jarioarekin lehiaketan bizitako esperientzia izan du hizpide.


Denbora pasatzeak ematen duen distantziatik “desberdin” ikusten du esperientzia aiarrak. Lehiaketa jokatzen ari nintzenean dena oso gogorra iruditzen zitzaidan. Orain desberdin ikusten dut. Konturatu naiz gauza onak ere bizi izan nituela lehiaketan adierazi du. Izetak uste du telebistak lehiaketa izan zen moduan erakutsi duela. Agian, “petral samarra” irudikatu dutela iruditu zaio, baina horrela naiz ni, telebistan ikusi den modukoa.


Gose handia
Atzera begiratuta, gosea izan zen Iruretagoienarentzat telebista saioko alderdirik zailena. Joan aurretik ez nuen pentsatzen goseagatik horren gaizki pasako nuenik Taldeak batu zirenean, esaterako, hamabi egunetarako lau lata eta pare bat barra energetiko eman zizkien antolakuntzak. Lata batekin hiru egunetan jan behar genuen. Indarrik gabe sentitzen nintzen, egun eta erditik behin lata erdia jateak ez baitu indarra berreskuratzeko aukerarik ematen. Hala ere, psikologikoki laguntzen du egun horretan zerbait jan duzula pentsatzeak, azaldu du.
Aiarraren iritziz, horrelako egoera batean burua izan behar da indartsu, gorputzaren ahuleziari aurre egiteko.


Etxean erakutsitakoa
Horrelako telebista saio batean izena ematen denean, esperientzia bizitzeaz gain irabazteko asmoz joan behar dela uste du. Nik neuk ez nuen baztertzen lehiaketa irabaztea. Are gehiago, nik uste dut bertara joaten diren guztiek irabazteko asmoz joan beharko luketela, gainera. Ikurrinarekin etxera bueltatzeko intentzioarekin, alegia.

Lehiaketaren eguneroko bizimodua gogorra izateaz gain, probak telebistan diruditena baino zailagoak zirela adierazi du. Zenbait proba oso luzeak izan ziren, orduak pasatzen genituen horiek egiten. Dena dela, pixkanaka-pixkanaka finalera iritsi zen aiarra, eta ezustekoa eman zuen azken txanpan.


Finaleko norgehiagokaren hasieran itxaropena galdu zuela aitortu du Izetak, baina ondoren egoerari buelta ematea lortu zuen: Proba aurrera zihoan heinean, familiak erakutsitakoa oso presente izan nuen. Beti esan didate ez dela etsi behar eta ahal den bitartean aurrera egiteko ahalegina egin behar dela. Eta horrela egin zuen Izetak. Pixkanaka aurkariei aurre hartu zien eta ikurrina gero eta gertuago zegoela ikusi zuen. Orduan atera zitzaidan barruan neraman anbizioa eta grina, lehiaketa irabazteko aukera banuela ikusi bainuen. Etxean erakutsitakoak irabazten lagundu zion, eta garaipena lortu zuenean familia izan zuen gogoan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!