Azaleko minbiziaren aurkako jardunaldia egingo dute Aian, hilaren 14an

Karkara 2017ko uzt. 3a, 17:03
Haurrekin sentsibilizazio tailerrak egingo ditu Minbiziaren Aurkako Elkarteak. (M.A.E.)

Minbiziaren Aurkako Elkarteak azaleko minbiziaren aurkako kanpaina egingo du uztailaren 4tik 21era. Aiako plazan izango dira uztailaren 14an, 10:00etatik 13:00etara.

Gipuzkoarrak eguzkia hartzeko ohituren inguruan ohartarazi nahi ditu Minbiziaren Aurkako Elkarteak, eta aurten haur eta gaztetxoen artean prebentzioa lantzeko ahalegin berezia egingo du. Horretarako, Eguzkiak aztarna ahaztezinak utz ditzake zure larruazalean lelopean kanpaina martxan jarriko du elkarteak hilaren 4tik 21era. Gipuzkoako hainbat herritan eta hiritan izango dira, tartean Aian.
 
Uztailaren 14an, 10:00etatik 13:00etara, Aian jarriko dute postua Minbiziaren Aurkako Elkarteko profesionalek eta boluntarioek. Bertan, herritarren azaleko melanina neurtuko dute, eta horren arabera eguzkitan zenbat denbora egon daitezkeen azalduko diete, bakoitzaren ezaugarriak kontutan hartuta. Horrez gain, eguzkia hartzeko eta azaleko azterketa egiteko gomendioak jasotzen dituen liburuxkak ere banatuko dituzte aiarren artean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!