Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar: “Jendeak lehengo trikitilariak entzun nahi ditu txapelketetan”

Mailo Oiarzabal/Hitza 2017ko uzt. 12a, 15:12
Ainara Saizar eta Xabier Etxaniz. (Ibon Errazu)

Aspaldian alde batera utzitako errutinak berreskuratuta ibili dira azkenaldian Xabier Etxaniz (Azkoitia, 1989) eta Ainara Saizar (Aia, 1988). Izan ere, aspaldiko partez, trikiti txapelketa batean parte hartzeko eman zuten izena. Izena eman, parte hartu, eta irabazi ere bai.

Espero al zenuten Markina-Xemeindik txapelekin itzultzea?

Xabier Etxaniz: Urte asko izan dira txapelketa batean parte hartu gabe, eta gainontzeko trikitilarien arrastoa galtzen duzu. Horrela, ezin duzu inolako baloraziorik egin txapelketa pasatu arte. Esperientzia berri bat izan da. Egia esan, ahal genuen ondoen egitera joan ginen, emaitzarekin asko larritu gabe.

Ainara Saizar: Oholtzara igo aurretik besteak entzun ohi dituzu entseguak egiten, eta zuk baino hobeto egiten dutenaren sentsazioa duzu, beti. Txapelketa hasi eta gero, besteek nola jotzen duten ere ez duzu entzuten, eta, beraz, ezinezkoa da epaimahaiak zer erabakiko duen jakitea.

Zuk, Xabier, zortzi urte egin dituzu txapelketa batean parte hartu gabe. Zer moduzko esperientzia izan zen zapatukoa?

X.E.: Esperientzia bikaina izan zen. Txapelketetan urte askoan ibili nintzen lehenago, baina beti besteen piezak jotzen nituen. Oraingoan, neuk sortutako pieza pare bat jotzea jarri nion erronka gisa neure buruari. Urteak pasatu dira, baina azken uneko tentsioa, urduritasuna eta egonezina lehen bezalakoxeak dira. Hala ere, nabaritzen da urteen esperientzia, batez ere, txapelketa aurreko prozesuan. Entseatzeko moduak aldatu egiten dira, eta nire kasuan, patxada handiagoz hartu dut txapelketa aurretik dagoen lan guztia.

Zuk, Ainara, zer ibilbide egin duzu txapelketen munduan?

A.S.: Xabiren ibilbidea eta nirea oso antzekoak izan dira. Bikotekide ezberdinekin hasi baginen ere, 2004tik aurrera elkarrekin aritu ginen txapelketetan.

Nola prestatu duzue txapelketa?

A.S.: Lehendik eskarmentu handia genuen elkarrekin. Txapelketako pieza bateko bertsoan hala genion, “elkarri begira elkar ulertzeko gai baikara”. Normalean, bion artean erabakitzen ditugu piezak, eta kantuei forma ematen hasten gara. Eta, gero, pixkanaka, abestiak elkarrekin entseatzen.

X.E.: Ez du ematen, baina horrelako txapelketa bat prestatzerakoan, bakarkako lan asko egoten da atzean. Trikitixako kantak ez dira errazak eta, ziur jotzeko, askotan jo behar izaten dira.

Zer pieza jo zenituzten Markinan?

A.S.: Bi aukera genituen: bata, trikitixa, arin-arina, eta baltsa edota rantxera jotzea zen; eta bestea, porrusalda, fandangoa, eta baltsa edota rantxera. Lehenengoa aukeratu genuen.

X.E.: Trikitixa 2014ko jaialdi baterako atera genuena zen, Ikusi nahi ez duguna izenekoa. Asier Iriondo bertsolariak egin zizkigun pieza horretarako letrak; orain arteko gure bertso esanguratsuenen birmoldaketa batzuk ziren, guztiei beste punta bat aterata. Bigarren pieza, arin-arina, Psikodelia zen; duela hamar bat urte nire maisua zen Xabier Alberdi Zabale hasi zen pieza hori asmatzen, eta Markinarako espreski asmatu nizkion beste zati batzuk. Eta, azkena, Flaco Jimenezen rantxera bat izan zen, euskaratuta. Pieza horren letrak Maialen Olazabalek egin dizkigu, eta Itsasoko Kapitaina da kantuaren izena.

Markinakoa txapelketa berezia izan da, 1990eko hamarkadaz geroztik trikitilari helduentzat antolatu den aurrenekoa izan delako.

X.E.: Urte asko dira adin mugarik jarri gabeko trikitixa txapelketarik egin ez dela. Uste dut jendearengan ikusmina sortu duela eta horrelako gauzak bultzatu beharko genituzkeela.

Trikitilari gaztetxoentzako txapelketa asko egiten dira, han eta hemen. Zergatik ez helduentzako?

A.S.: Ez nuke jakingo erantzuten. Baina, azkenean, iruditzen zait txapelketa munduan mugitzen garen trikitilariak aterako ginatekeela beti, eta jendeak lehengo trikitilariak entzun nahi ditu txapelketetan.
Garai batean, Euskal Herriko txapelketa hitzordu garrantzitsua izaten zen. Berreskuratu beharko litzatekeela iruditzen al zaizue?

X.E.: Horrelako egitasmoak beti izan ohi dira aberasgarriak. Ainarak esan duen moduan, ordea, beti txapelketetan ezagun izan diren trikitilariek ere animatu beharko lukete: Imuntzo, Zabale, Edurne Iturbe… Zergatik ez?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!