Nikolas Zendoia: "Papertxoaren aurrean jaun eta jabe sentitzen naiz"

Aritz Mutiozabal / Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 13a, 15:35
Nikolas Zendoia bertsolaria argitaratu berri duen liburuarekin. (Aritz Mutiozabal)

2004tik hona sortutako ia 50 bertso sorta bildu ditu Nikolas Zendoiak Odei guztien azpitik liburuan. Kajoiari «hustualdi ederra» eman badio ere, aitortu du erne jarraitzen duela bertso berriak sortzen.

NIKOLAS ZENDOIA - Bertsolaria eta idazlea

Tenple handiko bertsolaria izanagatik, ez dela inoiz plaza gizona izan dio Nikolas Zendoiak (Aia, 1941). Erosoago sentitzen da bere bertsoak paper isiletan arkatzarekin abesten. Beti bakarka, kartzelako gaian bezala. Baina bere sormenek bozgorailurik ere izan dute, eta Auspoa bildumaren babesean plazaratu dira. Odei guztien azpitik da bere azken emaitza, ibilbideko laugarren liburua.

Azken 12 urtetan idatzitako bertsoen bilduma bat da liburu berria...
Hori da, bai. Ez dakit zenbat urtetako bertsoak bildu ditut, kajoian gordetzen joan naizenak eta sariketetara bidaltzeko asmoz landutakoak. Pello Esnalek duela bi urte esan zidan liburuxka batean jaso beharko genituzkeela horiek, lan handia zegoelako egina. Beraz, kajoiari hustualdi ederra eman diogu.

Kajoiari bakarrik ala zu zeu ere hustu zara sortzaile gisa?
Ez, nire burua ez da hustu kajoiarekin batera. Burua beti lanean dago, eta zentzua inoiz ez dago lo. Esna egon behar du beti, gainera. Idazlanak ahalik eta ondoen egin nahi badituzu, zentzua beti eduki behar duzu erne. Lotan uzten baduzu, kostatu egiten zaizu berriz hastea. Eta ez hori bakarrik, zeure umorea ere zaindu beharra daukazu. Tristurak ere bai, beharrezkoak direlako. Esaterako, niri atera zaizkidan bertso sorta gustukoenak disgustutxoren bat izan eta pixka bat apal egon naizenetan sortutakoak dira. Esan bezala, zentzua ez dago lo, eta une tristeetan ere bilatzen zaitu. Oso oinarrizkoak dira horiek.

Bertso paper lehiaketak pizgarri al dituzu bertsolari bezala erne jarraitzeko?
Bai, bai. Ni bezalako batek ezin du distiratu sariak irabazten... Noizbehinka gertatuko, bai, betiko bitxikeriak kontatzen ditudalako. Nolanahi ere, jende ikasia dago egun, bai gaztea bai heldua. Gaurkotuta daude, eta oso ongi menderatzen dute idazkera. Nik uste dut aparteko bat naizela, inguruari eusten ari den bazterreko zutoin bat bezalakoa.

Eskola zaharreko bertsolaria zara, baina ez horrenbeste plaza gizona?
Hori inoiz ez, eta pena handia dut. Zaletasuna izan nuen, eta pixka bat ere egin genuen: garai hartan egun baino bertsolari gutxiago ginen, eta 1989ko Txapelketa Nagusian Gernikako finalaurrekoetaraino iritsi nintzen. Baina ez naiz sekula plaza gizona izan, eta horrek badu bere azalpena. Nik ez dut distiratzeko moduko ahotsik izan inoiz, eta ahotsik ez duen bat ezin da izan plaza gizona. Ahots ederrak asko janzten du, eta lagundu egiten dio bertsoari. Nik, ordea, ez dut halakorik izan eta jende aurrean aritzeko ere ez dut inoiz balio izan. Hori garbi ikusten dut.

Erosoago sentitzen al zara etxean koaderno batean idazten?
Orduan, bai. Papertxoaren aurrean jaun eta jabe sentitzen naiz. Arkatza hartu eta paperaren aurrean nagusi jarri behar zara, bestela ez duzu biribilketa goxorik lortuko. Eta mometu horietan, ahal baldin bada, gainera, bakarrik egon. Egongelan banago atea ixten dut edo bestela  parke batera joaten naiz, betiere bakardadearen bila. Gauean ere lan asko egiten dut, batez ere zuzentzen. Isiltasunean gauzak garbiago ikusten ditut, eta garbi ikusi ezean, ez dira jende aurrera atera behar. Argi eta garbi izan behar duzu zeure baitan.

Bertsoak zer idazten dituzu bat-bateko izaera horretatik ala buruan jada argi dituzunean azaleratzen dituzu?
Gehienetan ustez buruan garbi ditudanean idazten ditut. Baina bertso sortari hamaika buelta ematen dizkiot, beti zer hobetua bilatzen eta bilatzen. Liburu baten amaieran ere begira jartzen zara ea akatsik badagoen... Gauza bat da, ordea, bertsoa nola osatu nahi duzun, eta beste bat da erakarketa. Kontatu nahi duzun hori eta erakargarritasunak bat egiten dutenean, orduan daukazu ongi eginda.

52 urterekin hasi zinen bertso sortak idazten, eta bi hamarkada pasatxo daramazu zeregin horretan, hainbat sari lortuz.
Begira, liburu hau txukuntzeko eta bukatzeko lanak egiteaz gain, aurten lau bertso sorta idatzi ditut, eta horiei bueltak ematen nabil, norabait bidaltzeko asmoarekin; izan ere, Lazkao Txiki sariketa badago, Basarrirena ere etorriko da, eta aurten Enbeitarena ere izango da. Horietara aurkezteko zerbait eduki behar duzu, baina ez edukitzeagatik. Gai batek jo behar zaitu, eta gai batek jotzen ez bazaitu alferrik da. Alde handia dago gaia bultzaka datorkizun ala zuk zeuk tiraka hasi behar duzun.

Irakurri elkarrizketa osoa Zarauzko Hitzan

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!