Odriozola anaiak: "Ardien elikadurak eragin zuzena izaten du ematen duten esnean"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2017ko ira. 14a, 16:15
Agerre buru baserriko Jose Luis eta Jose Miguel Odriozola anaiak. (Aiora LarraƱaga)

Aiako Agerre Buru baserriko gaztak Ordiziako Gazta Lehiaketa irabazi du. 31 urte daramatzate bi anaiek gazta egiten, eta hiru hamarkadetan hainbat sari irabazi dituzte.

Pasa den astean Ordiziako Idiazabal Gazta Lehiaketa irabazi zuten Agerre Buru baserriko Jose Luis eta Jose Miguel Odriozola anaiek. Ordutik lanez gainezka dabiltza aiarrak; Jose Luisek hainbat jatetxek eta harategik egin dizkieten eskaerak prestatzen dituen bitartean, Jose Miguel kazetariarekin berriketan aritu da, Aian duten saltokitxoan.

JOSE MIGUEL eta eta JOSE LUIS ODRIOZOLA - Gaztagileak

Sari garrantzitsua izan al da azken hau zuentzat?
Inportanteena da. Azken urtetan sari mordoa irabazi dugu, eta iaz World Chees Awards gazta lehiaketa ere irabazi genuen, baina sari honek duen oihartzuna ez du beste inork. Etengabe deika ari zaizkigu komunikabideetatik, eta proiekzio hori eskaeretan nabarmendu dugu bereziki. Normalean, sariren bat irabazi izan dugunean, ohikoa baino eskaera zertxobait gehiago izaten dugu, baina orain gertatzen ari zaiguna neurriz gainekoa da.

Ekoizleek eta artisauek esan ohi dute beraientzat zailena produktua saltzea izaten dela, marketin arloa. Zuei ere orain arte hori kostatu al zaizue gehien?
Saldu saltzen dugu, baina ez da erraza merkatuan tartetxoa egitea. Gure gaztak Zarautzen eta Orion saltzen ditugu nagusiki. Aurten, iaz baino gazta gehiago egin dugu, eta otsailera iristeko justu ibiliko garela iruditzen zaigu. Gu gazta berriak egiten abenduaren erdialdean hasiko gara, osasun legearen arabera, horiek gutxienez bi hilabete egon beharko dute kameran ontzen. Beraz, ezin ditugu otsailera arte merkaturatu. Izan ere, guk gazta esne gordinarekin egiten dugunez, bakteriek bi hilabete behar izaten dute beren prozesua egiteko. Uztailaren amaiera bitartean aritzen gara gazta egiten.

Zein gazta mota egiten duzue?
Guk gazta bakarra egiten dugu, eta gazta hori naturala edo ketua izan daiteke. Inguru honetako herritarrei ez zaie ketutako gazta gustatzen, baina Goierri aldean ospe handia du, eta Ordiziako txapelketan ketutako gaztak atsegin dituzte, lehen zazpi sailkatuak ketuak ziren. Guk ere Ordiziako Gazta Lehiaketa ketutako gaztarekin irabazi dugu, gazta leun eta gozoa zen, zapore ederrekoa.

Hozkailuan dituzuen gazta guztien artean, nola aukeratu zenuten lehiaketara aurkeztutako gazta?
Gazta aukeratzeko orduan faktore asko hartu behar dira kontuan. Lehenik eta behin gaztaren itxurari erreparatu behar zaio. Guk gaztak egiten ditugunean, egin ahala banan-banan zenbakia ipintzen diegu. Gazta jakin bat txapelketara aurkezteko asmoa badugu, aurreko eta segidako zenbakia duten gaztak probatzen ditugu, tartekoa ere antzekoa izango delakoan.

31 urte daramazkizue gazta egiten. Hiru hamarkada hauetan zuen gazta egiteko teknika hobetu egin al da?
Bai, urtez urte ikasten joan behar izaten da produktua hobetu dadin. Horrez gain, teknologiak ere zeresana izan ohi du. Aurten esaterako, hozkailu berria jarri dugu, eta horrek ere gaztaren kalitatean eragin duela uste dugu. Lehen genuen hozkailuak hamabost urte zituen, eta pasa den urte bukaeran konturatu ginen kamerak ez ziola gaztari hezetasuna behar den bezala ateratzen.
Horrez gain, lehen ez zen ardi bakoitzaren esnea orain bezala aztertzen. Lehen esnea zuria bazen balekoa izaten zen. Orain, ardi bakoitzak zenbat esne ematen duen, eta esnea zein kalitatekoa den aztertzen dute zientzialariek. Ardiren batek esne txarra ematen badu, ohartarazi egiten gaituzte.

Artisau eran egiten al duzue gazta?
Bai, garai batean bezala. Gazta egiteko tresna modernoagoak ditugu, baina teknika lehengo bera da.

Non izaten duzue artaldea?
300 ardi ditugu, eta Pagoeta inguruan edukitzen dugu artaldea urte guztian zehar. Gure iritziz, ardien elikadurak eragin zuzena du ematen duten esnean. Horregatik, gure ardiak egunero larrera ateratzen dira. Egun, ekoizle askok ardiak ukuiluan izateko ohitura hartu dute; ardi horiek gureek baino esne gehiago emango dute, jan eta etzan bakarrik egiten dutelako, baina gure ardien esnearen kalitatea hobea da.

Familiatik al datorkizue gazta egiteko ohitura?
Guk bi osaba genituen Aralarren artzain, eta horietako batek mendian egiten zituen gaztak baserrian saltzen genituen. Hura 51 urterekin hil zen, baina jendeak gure etxera gazta bila etortzen jarraitu zuen. Ama gaztetan gazta egiten jarduna zen, eta etxean ardi batzuk genituenez, haien esnearekin gazta egiten hasi ginen. Amak erakutsi zigun guri gazta egiten, eta ondoren nik ikastaro batzuk ere egin nituen Arantzazun. Horrela hasi ginen, eta 30 urtetan zehar pixkanaka hobetuz joan gara. Oso pozik gaude lortu dugun sariarekin

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!