José Joaquín Arrillaga, aiar bat Kaliforniako gobernadore

Rikardo Uzkudun 2017ko aza. 1a, 11:04

M. Uriak belarritik tira zigun orain dela urte pare bat, aiar ezagunak asko ez zirela, eta zirenak ezezagun zitzaizkigula esanez. Horietako bat da José Joaquín Arrillaga, XVIII. mende bukaeran Kaliforniako gobernadore izan zena. Hango euskaldunen berri emateko idatzi zuen Asun Garikanok Kaliforniakoak liburua, guk handik jaso dugu informazioa, eta labur-labur eginda ekarri. Irakurtzekoak dira haren egunerokoak, indioekin eta errusiarrekin izandako gorabeherak.

Manterola baserrian jaio zela diote dokumentuek, 1750. urtean, José Joaquín Arrillaga Enbil. Hil, berriz, Kalifornian hil zen, Nuestra Señora de la Soledad misioan, San Frantziskotik hegoaldera. Hantxe dago argazkian ikusten den oroitarria: Bere soldaduengandik, kideengandik eta lagunengandik Papa moduan ezaguna. Kaliforniako gobernadore izan zen, bitan, Espainiako Erresumaren agindupean. Bere heriotzean, 1814an, berak hala eskatuta, frantziskotarren abituarekin lurperatua izan zen misioetako elizan.

Aiako apaizen erregistroan jasotakoaren arabera senide ugariko familia bateko hirugarrena zen José Joaquín. Manterola burdinolan, Ironworksen– halaxe zetorren ingelesezko itzulpenean– jaio eta hazi zen. Garai hartan, bost ola zeuden Aian. Ameriketara joandakoan, bere zerbitzu-orriaren arabera, azkar igo zen mailaz: 1777an boluntario sartu zen Sonorako presidio konpainian, 1778an alferez egin zuten, eta 1780tik aurrera teniente gisa zerbitzatu zuen Texaseko San Sabas eta La Bahia konpainietan. 1783an Loretoko presidioko kapitain eta Californietako gobernadore orde izendatu zuten. 1792an Jose Antonio Romeu gobernadorea hil zenean, Arrillaga Californietako behin-behineko gobernadore bilakatu zen. Chapman historialariaren ustez, kargu horretan egon zen tarte laburrean, 1792tik 1794ra, oso gizon saiatua eta trebea zela erakutsi zuen, eta orduan irabazitako ospeagatik eta bere izaera onagatik izendatu zuten aurrerago gobernadore.

Lehenengo agintaldia (1792-1794)

Agintaldi labur horretako lanetatik bi dira aipagarri. Lehenengoa, 1793an suteak kontrolatzeko eman zuen bandoa –Kaliforniako suteak prebenitzeko lehen ahalegina–, eta bigarrena defentsak indartzea. Ingalaterrak eta Espainiak Mundu Berriaren alderdi hartaz jabetzeko lehian jarraitzen zuten, eta errusiarrak ere kezka iturri ziren. Atzerritarren hurbiltasunaren mehatxuaren aurrean, San Frantziskon gotorleku bat altxatzeari ekin zion Arrillagak. Eraikinak Castillo de San Joaquín zuen izena, eta Golden Gate zubi ezagunaren ertzetako batean kokatzen zen. San Joaquin gazteluak ez zuen luzaroan iraun. Hala ere, merezi du gogoratzea Arrillagak altxarazitako gaztelu hark eta Arantzazu fragatak ekarritako kanoiek defendatu zutela San Frantziskoko badiaren sarrera hainbat urtez.

Esplorazioen egunerokoa

Behin behineko agintaldia bukatuta, teniente koronel zela, berak sinatutako dokumentuen artean bada besteengandik oso bestelakoa den bat, Berkeleyko Bancroft liburutegian gordetzen den eskuizkribu hau: Diario que manifiesta los Reconocimientos q(u)e a verificado de Or(de)n Superior… en las Fronteras a la Gentilidad de la Antigua California y margenes del Colorado.

XVIII. mendearen bukaeran, Baja Californiatik ipar-ekialderantz zabaltzen ziren eremuak, Colorado ibai artekoak, eta Kaliforniako golko artekoak, nahikoa ezezagunak ziren artean. La Frontera izena ematen zitzaien, eta azpiratu gabeko lurrak ziren, Kaliforniako Yuma komunitatearen bizileku. Mendearen azken urteetan, hainbat espedizio abiatu ziren hura esploratzera. Haietako batean, Arrillagak zuzenean hartu zuen parte eta, espedizio haietan ohitura zen bezala, eguneroko batean jasota utzi zituen bere ibilerak.

John W. Robinson historialariaren hitzetan esanda, hartutako lurraldeagatik eta behaketen zehaztasunagatik, espedizio horiek ez zuten parekorik izan Baja Californiaren iparraldeko historiaren hasierako urteetan.

Eguneroko horren zati bat Garikanoren liburuan jasoa dago, Arrillagak lehenengo pertsonan bizi eta idatzi zituen bezala, indioekin izandako gorabeherak eta joan-etorriak tarteko. Esanguratsua da bukaeran Arrillagak egiten duen aitorpena, Garikanok bere horretan, euskarara itzuli gabe, jaso duena.

Bigarren agintaldia (1804-1814)

1804an Baja California eta Alta California bi administrazio unitate bilakatu ziren, lehenengoak Loreto izan zuen hiriburu, eta penintsula guztia hartu zuen. Felipe Goikoetxea izan zen gobernadore. Bigarrenak, berriz, San Diego baino beheraxeago hasi eta handik gorako lur guztiak hartuz, Monterrey izan zuen hiriburu, eta José Joaquín Arrillaga gobernadore. Bi agintariak Mexikoko erregeordearen esanetara egon ziren. Euskal abizena zuen hark ere: José Iturrigarai.

Kargu berrian lurraldearen defentsak izan ziren berriro ere Arrillagaren buruhausterik handiena. Laurehunen bat lagunek osatzen zuten Kaliforniaren indar militar guztia, zurien populazioa eskasegia zen haien artetik gizon gehiago errekrutatzeko, indioekin kontatzerik ez zegoen soldadutarako, eta ontzi anglo-amerikarrak gero eta maizago hurbiltzen ziren Kaliforniako uretara perla, arrain nahiz larru bila. Mehatxuaren aurrean, Arrillagak kontrabandoaren kontrako neurriak estutzea erabaki zuen 1806an. Aurrerantzean, zorrotz zainduko zuen itsasertza eta, atzerritar ontzi bat begiz jo orduko, presidiorik hurbilenera abisua pasa, eta ezingo zitzaion jangairik eskaini. Errusiarrekin, ordea, bestelako gorabeherak izan zituen, diplomazia eta amodio kontuak tarteko. Liburuan pasarte oso bat dator errusiarrekin izandako afera kontatzen duena, eguneroko baten zatia barne.

Arrillagaren azken urteak

1806an, Kaliforniaren barrualdeak terra incognita izaten jarraitzen zuen neurri handi batean. Eta hura esploratzea izan zen Arrillagaren hurrengo urteetako lanik aipagarriena. Ordurako adinduta, oraingoan ez zen zaldi gainera igo eta bera abiatuko, 1796an Colorado inguruak esploratzera abiatu zenean bezala.

1810 aldera, urteak eta gaitzak zirela eta, Arrillagak sorterrira erretiratzeko baimena eskatu zion erregeari. Beharbada, beretarren artean hil nahi zuelako, ez baitzen inoiz ezkondu, eta batere senitartekorik ez baitzeukan Kalifornian. Baina lurralde hartan eskaintzen ari zen zerbitzua ezinbestekoa zela erantzun zion gorteak.

1814ko uztailean, inspekzio ibilaldi batean zihoala, ondoezak jo zuen. Halabeharrak nahi izan zuen Soledad izatea misiorik hurbilena. Hara eraman zuten, eta han hil zen 1814ko uztailaren 24an, hesteetako odoljario baten ondorioz.

Arrillagaren hileta ez zen nolanahikoa izan, bertan izandako hainbat lagunek kontatu zutenez: Sekulakoa izan zen, ehunka espainiar zintzo, lau misiotako misiolariak, indio asko eta Monterreyko presidioko guztiak han izan ziren.

Hain handia omen zen neofito eta ingurukoen estimazioa, bere hilobian monumentu bat altxa zutela eta, urte askoan, joan zirela loreak jartzera Santu Guztien egunean.

Bere ondasunen inguruan, testamentuan idatzita laga zuen bere arimaren alde ehun meza emateko, zerbitzariek 25 eta 100 dolar arteko kopurua jasotzeko, besteak beste. Anai-arreba batzuk ere aipatzen zituen. Bere arreba gazteena izango zena, Maria Josefa, izendatu zuen oinordeko. Ez dakigu ondasunek Euskal Herrirainoko bidea egin zuten. Diru asko ere ez zen. Hogeita hamazazpi urteko zerbitzaldiaren ondoren, hiru mila dolarrera ez zen iristen gobernadorearen fortuna.

Garikanok handik eta hemendik jaso dituen iritzien arabera hitz onak besterik ez daude Arrillagaren inguruan:

  • Gizon garaia zen, oso zuria, ilehoria, begi urdina… Oso gizon adeitsua zen, jende guztiak maite zuena.
  • Era vizcaíno, reseco en su manera baina onbera eta eskuzabala troparekin.
  • Izen emate egunetik heriotza arte, ez nagusiek, ez mendekoek, ez fraideek, ez zuten haren portaeran akatsik aurkitu.

Ezagutu zutenetatik George Vancouverrek bakarrik ematen du hala-holako iritzia Arrillagaz. Beste iritzi guztien arabera, badirudi gizon maitatua izan zela Arrillaga. Liburuan aipatutako datuetatik, euskaldun zuzen, fededun, saiatu eta austeroaren prototipoa bailitzan ernetzen da José Joaquín Arrillaga. Zakar samarra, baina zintzoa. Hala ere, Garikanok berak kapituluaren bukaeran dioen bezala datu asko falta dira. Haren lumatik ateratako dokumentu ofizialek eta ezagutu zutenen lekukotasunek ezer ez dute esaten haren bizitza pribatuaz. Inork ez du esplikatzen zergatik aurkitu zituzten haren kutxak, hil zenean, zetazko paineluz eta galtzerdiz beteta. Fikzio idazleentzat geratzen da hutsune hori betetzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!