J. Artola: “Kontsumoa bizitza espiritualaren gainetik dago gaur egun”

Iñigo Gaiton 2017ko aza. 30a, 10:47

Jexus Artola Ibarguren Aiako apaiza da abuztutik. Aizarnarrak gustuko ditu herri txiki eta baserri giroko auzoak; hauetan, eliztarrekin konfiantzaz lan egiteko aukera izaten du.

Jexus Artola
Aiako apaiza

Bere eguneroko lana, sentimendu eta emozioen esparruan uztartzea gustatzen zaio. Eliztarrek buruan dituzten arazo eta kezkak zein diren asmatzeak sortzen dizkio buruhausterik handienak Jexusi.

Apaiza, bokazioz?

Ez. Fraile izateko erabakia hartu nuen aurrena, frantziskotarra. Hasiera batean, nire bizitza beteta sentitzen nuen
horrela, ez nuen gehiago behar. Hamar urte geroago, ospakizun, meza eta abarretarako apaizak falta zirela ikusita,
 urratsa eman nuen.

Aiara etorri aurretik, Zarautzen ematen zenituen mezak.

Hogeita hiru urte daramazkit bertan. Altzola, Urteta eta Urdaneta auzoetan ibili nintzen aurrena, eta gero Santa Klarako elizan. Hau itxi zutenean, Aiara etortzea proposatu zidaten.

Herri txikietan, berehala geldituko zaitu jendeak kalean.

Bai, eta gustatzen zait. Herri txiki eta baserri giroko auzoetan oso gustura aritzen naiz lanean. Gertuko lanketa egiten da eliztarrekin, konfiantzazkoa.

Jexus hogeita lau orduz al da apaiz?

Zaila da jendeak apaiz roletik kanpo ikustea; herri txikietan, ziurrenik, zailagoa. Hori kontuan hartuz, neroni izaten
saiatzen naiz beti. Gauzak barrutik sentitzen ditudan bezala azaltzen ditut. Rola kendu ordez, nahiago dut nire pertsona sartu.

Zein da apaizon lana XXI. mendean?

Nik eliztarrekiko ardura bat daukat: beren fedea bizitzen lagundu behar diet. Dituzten zailtasun, poz edo kezkei fede kutsua eman eta bizitza ematen. Lan hori, sentimendu eta emozioen esparruan uztartzea gustatzen zait. Eliztarrek nire esanak irenstea baino, nahiago dut buruan zer darabilten jakiten saiatu.

Elizetan jende gaztea falta zaizue.

Elizak, instituzio orok bezala, gauza batzuk oker egingo zituen, baina hori, gu gainditzen gaituen uholde baten ondorioa ere bada. Gizartea izugarri ari da aldatzen, abiada bizian.

Beheranzko joera horrekin, hamarkada batzuk barru inor ez da izango mezetan, hemen behintzat.

Arrisku hori ukaezina da, eta kezkatzen nau. Horren aurrean, nire ikuspegitik, ez genuke edozein preziotan instituzioa salbatzen saiatu behar. Kontrakoa, herriaren alde posizionatu behar dugu. Eliza desagertzen bada, herriak beste bide batzuk nahiago dituelako izango da, eta kito.

(...)

Gure aukera izan da kristautasuna bizitzea. Bada segi dezagun gauden bitartean bizitzen, ahalik eta gustuen.

Herriaren alde posizionatu, esan duzu.

Nik ume edo gaztetatik oraintsu arte ezagututako Eliza, udaberria izan da: alaia, argia... Herritarren pentsaerarekin, politikan edo lan kontuetan nahikoa bat eginda bizi zen. Izan zitzakeen akats guztiekin, herriaren Eliza zen, herritarrena.

Orain, ez hainbeste. Zer egin da oker?

Oker... ez dut uste termino egokia denik. Pertsonak bere bizitzari heldu diezaiola bultzatzen dugu guk, eta sakontasunean bizi. Aukerak norberak egin behar ditu. Gustatuko litzaiguke jendeak Elizaren aldeko hautua egitea, baina horrela ez bada, onartu egin beharko dugu.

Sexu abusu kasuak ere eman dira Eliza barruan. Gaia larria da oso.

Bai, eta irmotasunez salatu behar dira. Batzuek egin dituzten okerrek, instituzio osoa kolpatu dute. Eliza zigilu horrekin geratu da, eta horrekin bizi beharko du. Instituzioaren barruan, sentsibilizazio aldaketa handia egon da gaiarekiko, eta errudunak agerian uzten dira.

Gizartea sexu aniztasuna normalizatzeko urratsak ematen ari da, pixkanaka bada ere. Zuek ere ari al zarete?

Nik aspaldi esan nien batzuei: Jainkoarentzat ez da lehen eta bigarren mailako pertsonik. Elizaren barruan, batzuek ez dute homosexualitatea onartzen. Hauen ikuspegitik, pertsona guztiak dira heteroak, eta batzuk ekintza homosexualak egiten dituzte. Nire ustez, homosexualitatea onartu egin behar da. Homosexualen arteko bikote harremanetan, besteetan bezalaxe, bide ematen zaio maitasunari; azken finean, ebanjelioaren oinarrira joatea da. Maitatzea, beti da ona.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!