Gorka Eizmendi aiarra txapeldunordea izan da Espainiako lur gaineko rally txapelketan

Karkara 2017ko abe. 4a, 15:45
Gorka Eizmendi eta Diego Sanjuan asteburuan Costa Tropical Rallya irabazi ondoren (Argazkia: Jorge Del Cid)
Asteburuan txapelketako azken lasterketa irabazi du Eizmendik: Costa Tropical rallya.

Gustura dago Gorka Eizmendi pilotu aiarra Espainiako lur gaineko rally txapelketan lortutako emaitzarekin: txapeldunorde gelditu da. Eizmendik Diego Sanjuan madrildarra kopilotu duela Ford Fiesta R5 autoarekin asteburuan Costa Tropical rallya irabazi du, Granadan (Andaluzia, Espainia). Espainiako txapelketako azkenengo lasterketa zen hori, eta garaipen horri esker lortu du bigarren postua. “Ostiralean eta larunbatean jokatu dugu Costa Tropical rallya. Hori jokatu aurretik, lau piloturen artean zegoen bigarren postua jokoan, tartean zen Jorge Del Cid Azpeitian bizi den pilotua. Horri, ordea, autoa matxuratu zitzaion ostiraleko proban, eta beste bi aurkariei irabazi egin diet”, azaldu du Eizmendik.

Txapelketan egindako lanarekin “oso gustura” dagoela adierazi du Eizmendik: “Ford Fiesta R5 autoarekin jokatu dugun hirugarren lasterketa izan da, eta oso gustura gaude. Horrez gain, iazko Espainiako txapeldun Alex Villanuevari aurrea hartu diot, eta hori ere pozgarria da niretzat. Dugun babeslegoarekin ere oso pozik gaude”.

Asteburuan Errioxan lur gaineko beste rally bat jokatuko du eta aurtengo denboraldia bukatu egingo du Eizmendik: “Gero, martxoan edo hasiko gara berriro lasterketekin, baina bitartean ez gara geldirik egongo, gogor egingo dugu lan”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!