Aiako Udalak 2,4 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean

Karkara 2017ko abe. 21a, 13:22

EAJkoen aldeko zazpi eta EH Bilduren aurkako bi botorekin onartu dituzte 2018ko udal aurrekontuak. EH Bilduren ekarpenen "onarpen maila baxuagatik" eman diote ezezkoa.

2018ko udal aurrekontuak onartu zituzten asteazkenean, EAJko udal ordezkarien zazpi botorekin. Honenbestez, datorren urterako Aiako udalaren aurrekontua 2.400.000 eurokoa izango da; biztanleko 1.070 eurokoa.

Inbertsioak izan zituen hizpide Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak. Besteak beste, Andatza auzoko eskolaren egokitzapenaren bigarren fasea, proiektuen ikerketa, argiteria, turismo garapena, memoria historikoa eta saneamenduko sarea aipatu zituen.

Inbertsio nagusiak
Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak ondorengo inbertsioak nabarmendu zituen:
-Andatzako eskola.
-Irisgarritasuna. 11.000 euro.
-Proiektuen ikerketak. 15.000 euro.
-Argiteria. 5.000 euro.
-Lardizabalen berrerabilpena.
-Kirolguneak zaharberritzea.
-Turismo garapena. 15.000 euro.
-Memoria historikoa. 2.000 euro.
-Saneamenduko sarea. 20.000 euro.

EH Bilduk aurrekontu proposamenaren gainean ekarpenak proposatu zituen ohiko bilkura baino lehenago, eta "horien onarpen maila ikusita", aurka bozkatu zuten bi zinegotziek. Honakoak izan ziren koalizioak egin zituen ekarpenak: irisgarritasunean gehiago inbertitzea, Urdanetako parkinaren inbertsioa aurrekontuan gehiago zehaztea, Lardizabalen berrerabilpenaren inguruko parte hartze prozesua abiatzea, oinezkoen bide bat egiteko azterketa bat egitea, etxe hutsen inguruko azterketa egitea eta eskola zaharrari probetxu handiagoa ateratzea. Bestalde, "Elkanoko frontoiaren konponketak igerilekuaren egokitzapenari inbertsioaren zati bat kendu izanarekin" desadostasuna agertu zuten EH Bilduko bi zinegotziek.

Aurrekontuez gain, urriaren 26an gobernu batzordean adostutako alde historikoen birgaipenerako Plan Bereziaren Aldaketa Puntuala onartu zuten, EAJkoen aldeko zazpi boto eta EH Bilduren aurkako bi botorekin.

Zaborren eskumena
UKUEri zaborren inguruan transferitutako eskumena ere zehaztu zuten. Beraz, zaborren kudeaketaren eskumen osoa geratu da Udal Elkartearen esku, ohiko udalbatzarrean aho batez onartu ostean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!